http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elikaduraren XI. Gizarte Topaketa elikagaietara beren jatorrietatik hurbilduko da

Elikaduraren XI. Gizarte Topaketa elikagaietara beren jatorrietatik hurbilduko da

Abetxukon egingo diren bi jardunaldietan, jendeak ezagutu ahal izango ditu gizarte eta ingurumen ekimenak, baita hurbileko nekazaritza ekoizpena sustatzekoak ere

I.AGOTE

Elikaduraren Gizarte Topaketak, bere XI. ediziora helduta, Abetxukon izango du gertalekua, askotariko gizarte eta ingurumen ekimenak barnean hartuz, baita hurbileko nekazaritza ekoizpena sustatzekoak ere, hala nola Basaldea proiektua. Leku horretan, ikusleek elikagaiak beren jatorrietatik ezagutzeko aukera izango dute, hainbat jarduera direla medio. Aste honetako asteazken eta ostegunean egingo diren jardunaldietan, baita ere, munduko hainbat tokitan burutzen ari diren ekimenak, bertako elikagai ekologikoen ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko lotura posible egiten dutenak, ikusi ahal izango dira Gasteizen.

Asteazkeneko jardunaldiaren gaia katearen bitarteko urratsak izango dira, eraldaketa eta merkaturatzea alegia. Izan ere, bai bertako lehen sektoreak, bai azken urte hauetan gure nekazaritza eta elikagai sistemari buruz egin diren azterlan eta analisiek, sarritan azpimarratzen dute katearen maila horiek indartzeko beharra. Ildo horretan, praktika eredugarritzat hartzen diren zenbait esperientzia aukeratu dira, horiek ezagutzeak bertako ekintzaileak bultza baititzake antzerako proiektuei heltzera.

Ostegunean, berriz, erdigunea azken hamar urte hauetan sortu diren nekazaritza parke proposamen desberdinak izango dira, hiri inguruko nekazaritzaren eginkizuna eta hiriekiko haien harremanak antolatzeko asmoa dutenak. Ez dago eredu bakar bat, kasu bakoitza moldatu egiten baita bera kokatzen den lurraldearen ezaugarrietara, eta tokiko ikuspuntutik galdera hau egin daiteke: Nekazaritza parkeek erantzuna eman ahal diete bertako nekazaritza eta elikagai sektorean nabaritutako beharrizanei, kateko eragile guztiak bateratuz, aldi berean Gasteizko inguruneko nekazaritza lurraldea babesten dutelarik? Parke esperientzia desberdinak partekatuko dira, haien hasierako helburuak, ibilbidea, eragozpenak eta lorpenak ezagutzeko, baita haiek gurean ezartzeko posibilitatea ere.

Jardunaldiaren aurkezpenean parte hartu du Eduardo Aguinaco Nekazaritza Saileko diputatuak, zeinak azpimarratu baitu nolakogarrantzia duen nekazaritza sektorearen eta azken kontsumitzailearen arteko distantzia geroz eta gehiago murrizteak, eta hori “herritarrei nekazarien eguneroko zereginak erakutsiz lortzen da, aste honetakoa bezalako jardunaldietan”. Gasteizko Udaleko Ingurumen eta Landa Eremuko zinegotziak, Iñaki Prusillak, azaldu duenez “gure hiriak gero eta gehiago gogoan hartzen du erosketa saskian tokiko produktuak sartzearen garrantzia. Izan ere, jestu horren bidez ekonomiarik hurbilenari lagundu, iraunkortasunaren alde egin eta kalitatezko janari osasungarriak hartzen dira. Oraingo honetan, aurkezten ari garen topaketaren helburua prozesu hori beste modu batean egin dadin saiatzen diren esperientziak ezagutaraztea da. Horretarako, ekoizleen lana, udalerriko nekazaritza lurraren garrantzia, nekazarien bizimodua, tradizioak eta abar ezagutu nahi ditugu”.

Fotos

Vídeos