http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elhuyarrek ia bost milioi euroko sarrerak izan zituen iaz

Kopuru horretatik %73 produktu eta zerbitzuen salmentatik heldu zen

ELCORREO.COM

Elhuyar Fundazioak ia bost milioi euroko diru sarrerak izan zituen 2016. urtean. Kopuru horretatik %73 produktu eta zerbitzuen salmentatik heldu zen, %15 diru laguntza lehiakorretatik eta %12 hitzarmen eta bazkidetzetatik.

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak 2016. urteko kontuak onartu zituen ekainaren 14an. Kontuak onartzeaz gainera, fundazioak jabegoan dituen Elhuyar Zubize eta Eleka sozietate mugatuen kontuak ere ontzat eman ziren patronatuaren bileran.

Horrela, Elhuyarrek jakinarazi duenez, taldeak emaitza parekatzea lortu zuen 2016an. Hala ere, emaitza horretara iristeko, beharrezkoa izan zen langileen soldata jaitsiera bere horretan mantentzea.

Horrela, Elhuyarrek ia bost milioi euroko sarrerak lortu zituen 2016an. Horietatik, %73 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri zen, %15 diru laguntza lehiakorretatik eta %12 hitzarmen eta bazkidetzetatik.

Halaber, egitasmo ugarik argia ikusi zuten 2016an. Ikerketan, segida eman zion 'ElkarOla' proiektuari, hizkuntza teknologian urteetan egindako lanarekin jarraituz, eta sare neuronaletan oinarritutako itzulpen automatikoan murgiltzen hasi zen. Halaber, Elhuyarrek euskara planetan 25 urte daramala ospatu zen, Egamaster enpresaren hiztegia landu zuen eta 'Collins-Elhuyar euskara-ingelesa eta ingelesa-euskara' hiztegia kaleratu zuen. Zientziaren egunerokotasunari jarraitzeko Zientziapp aplikazioa plazaratu zuen, eta 'Zientziakide' herritarren zientzia proiektuaren esperientzia pilotuari ekin zion.

Horrez gain, Elhuyar ikerketa eta garapeneko sei proiektutan ibili zen, %75 hazi zen webgune eta aplikazioen erabiltzaile kopurua, eta Europako lau proiektutan ibili zen buru-belarri.

Elhuyarren arduradunek nabarmendu dutenez, garatzen dituen egitasmoak aurrera egin dezaten, «ezinbestekoa zaigu erakunde eta enpresa laguntzaile zein norbanako bazkideen laguntza». Elhuyarrek norbanako 407 bazkide ditu, eta erakunde laguntzaile hauek ditu bidaide: Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Aldundia eta Usurbilgo Udala. Enpresa laguntzaile gisa, bestalde, Kaiku kooperatiba, Maier kooperatiba, Tecnalia, NEIKER-Tecnalia, Danobat Group, Doilantegia kooperatiba, Eika, Irizar, Kide eta Ulma izan zituen bidelagun, 2016an.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos