http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ekintzailetasun aurreratuan eta talentuan elkarlana estutuko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek

Ainhoa Aizpuru eta Imanol Pradales, akordioa sinatzen./Europa Press
Ainhoa Aizpuru eta Imanol Pradales, akordioa sinatzen. / Europa Press

Lan eremu horiek «estrategikoak» dira bi erakundeentzat

ELCORREO.COM

Ekintzailetasun aurreratuan eta talentuan bien arteko lankidetza estutzea erabaki dute Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, lan eremu horiek «estrategikoak» direlako bi erakundeentzat, eta akordioa sinatu dute bi lurraldeen eta bertako enpresa ehunaren presentzia eta eragina indartzeko nazioarteko nodo garrantzitsuetan eta lotura hobe bat lortzeko beren ekintzailetasun ekosistemen artean.

Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Aldundiaren Sustapen Ekonomiko, Landa Ingurunea eta Lurraldearen Orekako diputatuak eta Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiaren Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak sinatu zuten akordioa aurreko ostegunean, Donostian. Haren bidez, «bi lurraldeek beste urrats bat emango dute bien arteko lankidetzan, abian dauden ekimenak partekatuko dituzte, eta jarduketa eta estrategia berriak bultzatu eta garatuko dituzte».

Zehaztu denez, akordioa bat dator Ekintzailetasunaren erakunde arteko 2020 Planarekin, Euskadi ekintzaileago baten alde eta laguntza ekosistema kohesionatuago eta eraginkorragoa duen baten alde egiteko. Lankidetza testuinguru horretan, bi foru aldundiek arreta jarri dute ekintzailetasun aurreratuan eta talentuaren kudeaketan. Horrela, egungo politikak lerrokatu nahi dituzte, eta baterako programen diseinu eta garapenean lan egin nahi dute. Horretarako, informazioa partekatuko dute, ezagutza eskualdatuko dute eta ekintzailetasun aurreratuko eta talentuko ekintza batzuen diseinu eta garapen aukerak aztertuko dituzte.

Egonaldiak Bostongo zentroetan

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ekintzailetasun aurreratuaren eta talentuaren esparruan egingo dituzten lehen jarduerak zehaztu dituzte. Horrela, Bizkaiko Aldundiak lankidetza bati ekin zion 2015ean eta 2016ean Masschallenge eta Cambridge Innovation Center nazioartean mugarri diren azeleragailuekin, eta, orain, lankidetza hori Gipuzkoako start-up enpresetara zabalduko da.

Modu honetan, bi lurraldeetako start-up enpresek egonaldiak egin ahal izango dituzte Bostongo zentroetan (AEB), astebetekoak motzenak eta sei hilabetekoak luzeenak, negozio ereduen garapenean eta eskalabilitatean aurrera egiteko.

Halaber, beste jarduketa bat izango da bi foru aldundiek nazioarteko talentua Euskadira erakartzeko jardunaldiak antolatuko dituztela batera, Be Basque Talent network sarearen barruan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos