http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Ekaia' aldizkaria saritu dute zientzia-dibulgazioan egindako lanagatik

'Ekaia' aldizkaria saritu dute zientzia-dibulgazioan egindako lanagatik

'Ekaia' aldizkariak jasoko duen Elhuyarren Merezimendu Sariaz gain, dibulgazio-artikulu originalak eta zientzia kazetaritzaren arloko lanak eta 'Zientzia gizartean' sorkuntza beka ere banatuko dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Zientzia-dibulgazioan egindako lanagatik sarituko dute Elhuyarren Merezimendu Sariarekin 'Ekaia' aldizkaria. Euskal Herriko Unibertsitateak 1989. urtean sortu zuen zientzia-dibulgazioa bultzatzeko helburuarekin, eta bertan Natur Zientziak, Osasun Zientziak, Zientzia Zehatzak eta Teknologiari buruzko idazlan originalak argitaratzen dira. Zientziaren dibulgazioan egindako lanaz gain,  euskararen normalizazioan egindako lanari ere aitortza egin nahi izan diote. Izan ere, antolakuntzak jakinarazi duenez, Euskal Herriak zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako izan dituen arazo nagusienetarikoa zen euskara bera zegoela teknikoki egokituta. Horrek areagotu egin du hutsune hori betetzeko beharra, 'Ekaia' aldizkariaren moduko hedabideek bete nahi izan dutena.

'Ekaia' aldizkariak jasoko duen sariaz gain, dibulgazio-artikulu originalak eta zientzia kazetaritzaren arloko lanak zein 'Zientzia gizartean' sorkuntza beka ere banatuko dira, errekonozimenduok gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortu eta saritzeko sortu zuten eta. 'Zientzia gizartean' beka jasotzen duen proiektuak 5.000 euroko diru laguntza izango du bere lana garatu eta gizarteratzeko.

Sari-banaketa ekitaldia Donostiako Tabakaleran egingo da eta sarituen artean izango dira, beraz, aldizkariko ordezkariak. Gainera, aurten lehen aldiz emango dute NEIKER saria, lehen sektoreari buruzko lan onenari eskainitakoa.

Azkenik, sariak banatu eta gero, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen  proiektuaren emaitza erakutsiko dute egileek, Armintxe  animazio taldeko kideek: 'Miraila' animaziozko film laburra.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos