http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EIZIEk, 30 urte

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak hiruhamarkadako ibilaldia bete du aurten

1987an hirurogei bat itzultzaile bildu ziren euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko asmoz.
1987an hirurogei bat itzultzaile bildu ziren euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko asmoz.
JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Udaberria aurrera zihoan 1987 urte hartan, hirurogei bat itzultzaile bildu zirenean euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko helburuz. Erditze bat balitz bezala, bederatzigarren hilabetean egin zuten elkartearen lehen biltzar nagusia hurrengo urteko urtarrilaren 30ean. Biltzar hartan sarrera eman zitzaien zuzentzaile eta interpreteei, horrenbestez Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarte izena hartuz, EIZIE. Ordurako 130 bazkide ziren, eta elkartearen jarduna lau arlo nagusitan banatzea deliberatu zuten: administrazioa, komunikabideak, literatura eta interpretaritza. Halaxe, gutxi gorabehera, kontatu zuen fundazio-kideetariko batek, Lurdes Auzmendik, Senez aldizkariaren 7. zenbakian egindako kronikan.

Orduan onartu ziren estatutuetan, besteak beste, elkartearen xedeak jasotzen ziren. Haietako bat zen euskal itzultzaileei babes juridikoa ematea eta haien lan baldintzak hobetzea. Beste batzuk ere baziren, hala nola euskara edo euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaintzea, jatorrizko testuarekiko leialtasunez eta euskarazko kalitate minimo batez burutuak izan daitezen; era guztietako obrak euskarara itzul daitezen ahalegintzea; euskal itzultzaileak prestatu eta hobetu daitezen saiatzea; euskal itzultzaileen interes ekonomiko eta sozialen sustapena eta defentsa…

Elkartearen lehen lehendakaria Juan Mari Lekuona izan zen; lehendakariordea, Xabier Mendiguren Bereziartu; idazkaria, Josu Zabaleta; eta diruzaina, Ramon Etxezarreta.

Oso denbora gutxian bazkide kopurua bikoiztu bazen ere, elkartean sartzeko baldintzak ez ziren samurrak: bi liburu itzuli edo argitaratu izana edo berrogeita hamar ordu interprete-kabinan; itzultzaile eskolaren bateko titulua izatea; zuzendaritza batzordearen onespena eta elkarteko hiru bazkideren bermea. Gaur egun, 350 bazkide inguru ditu EIZIEk.

Literatura

Erreportaje honi dagokionez, EIZIEk literaturaren gainean egindakoek daukate garrantzirik handiena, eta elkarteak hasiera-hasieratik oso garbi zeukan lehentasunetariko bat zela literatura-ondare unibertsala euskaratzea. Horretarako aurkeztu zion proiektua Eusko Jaurlaritzari eta laster ehun titulu itzultzeko akordioa sinatu zen. Ekimenak 'Literatura Unibertsala' izena hartu zuen, eta lehen itzulpena 1990ean argitaratu zen: 'Gulliver-en bidaiak', Iñaki Mendigurenek euskaratua. Ehungarrena, berriz, 'Hamlet' izan zen, Juan Garzia Garmendiak euskaratua eta 2002an argitaratua.

Bilduma horrek berrikuntza asko ekarri zituen, kasu askotan, normal-normalak iruditzen zaizkigunak gaur egun: itzulpenak lehiaketa-sistema baten bidez esleitzea, zuzentzaileen eskuetatik pasatzea, itzultzailearen izena liburuaren azalean agertzea, tarifa duinetan ordaintzea…

Lehen ehun liburu haiei segida emateko, Literatura Unibertsalaren 2. aroan, beste 53 titulu euskaratu ziren, 2010 arte. Hurrengo urtean, 2011, 3. aroari eman zitzaion hasiera eta, bien bitartean, 'Urrezko Biblioteka' izeneko bilduma abiarazi zen: lehen aroko ehun liburuetatik hogei aukeratu ziren, haien artean 'Robinson Crusoe', 'Hamlet', 'Madame Bovary', 'Harrotasuna eta aurrejuzguak' eta 'Farorantz' titulu esanguratsuak. Itzulpen horiek, urteen joanean zaharkituxe zeudela, berrikusi eta eguneratu egin dira gaur eguneko estandarraren arabera.

Baina literaturarekin zerikusia duten jarduerak ez dira horretan amaitzen. Beste ekimen aipagarri bat 'Idazlea itzultzailearen lantegian' izenekoa da. Berez, egun gutxi batzuetan aurrera eramaten den itzulpen-lantegi bat da eta bertako itzultzaileek euskal idazle baten testuen alderantzizko itzulpenak egiten dituzte, idazlea bera bertan dela. Horrek aukera ematen du idazlearen eta itzultzaileen arteko dialektika interesgarriak sortzeko. Lehen lantegia 2004an egin zen eta aukeratutako euskal idazlea Pello Lizarralde izan zen. 'Un ange passe' izeneko ipuina, zubi-hizkuntzarik tartean ez zela, suomierara, danierara, errusierara eta frantsesera itzuli zen. Geroztik, urtero-urtero berritu da jarduera, honako euskal idazle hauekin: Jokin Muñoz, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Xabier Montoia, Karlos Linazasoro, Itxaro Borda, Eider Rodriguez, Juan Kruz Igerabide, Danele Sarriugarte eta Arantxa Urretabizkaia.

Literaturarekin zerikusia duten beste jarduerak ere antolatzen ditu EIZIEk. Esaterako, itzultzaileentzat antolatzen diren askotariko prestakuntza ikastaroen artean, sarri samar eskaintzen dira literatura motaren bat itzultzekoak. Horien arteko azkenak izan dira 'Poema poema truk, poesia itzultzen', 'Antzerkia itzultzen' eta 'Haur eta gazte literatura itzultzen'. Beste jarduera interesgarri bat 'Itzulpengintza ikusgai' izenekoa da, itzulpengintzaren inguruko albisteak sortu eta handik eta hemendik biltzeko, horien artean euskal literatura-itzulpenen erreseinak, zenbait aldizkari eta egunkaritan argitaratuak. EIZIEren atal den ItzulBaitaren eskutik, bestalde, itzulitako literaturari buruzko mintegiak ere antolatu dira: Literatura-itzulpenen azterketa, Literatura-itzulpenak baloratzeko irizpideak, Euskal literatura polonieraz, eta abar.

EIZIEk egiten dituen proiektu guztiak zerrendatzeak luze joko lukeela eta, orrialde honen mugak kontuan hartuta, aipa dezagun, amaitzeko, itzultzaileei eskainitako tresnen artean badirela posta zerrendak, aldizkariak eta blogak, hizkuntza-baliabideak, egin diren itzulpenen katalogoak eta beste gauza asko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos