http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

EHUko ikasle batek I. Research Pitches Contesta irabazi du

Bere ikerketaren arabera, pertsona eleaniztunek elebakarrek baino baliabide gehiago ohi dituzte

ELCORREO.COM

Maialen Urbieta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterreko ikasle euskaldunak I. Research Pitches Contest lehiaketa irabazi du. Epaimahaiaren puntuazio nagusia lortu zuen Urbietak 'A study of multilingual writing' lanarekin. Ikerlana Mikel Goikoetxearekin batera egin du, eta elebitasuna positiboa dela adierazten duten teoriak eta elebidunek hizkuntzetan puntuazio altuagoa izango dutela frogatu nahi izan dituzte.

Compostela Unibertsitate Taldeak (CGU) antolatu du lehiaketa, unibertsitateetan egiten ari diren ikerlanei buruzko aurkezpen labur onenak aitortzeko asmoz. Lehiaketak GCUren kideen ikerlana hedatzea eta antzeko eremuak lantzen ari diren ikertzaileak harremanetan jartzea du helburu.

Horrela, 114 ikaslek bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) egindako idazlanak aztertu zituzten Maialen Urbietak eta Mikel Goikoetxeak. Ikerlana biak batera egindakoa izan da, baina bakoitzak emaitzetako aldi batean jarri du arreta. Urbietaren kasuan, testuen antolaketa eta edukiak izan ditu ikergai.

Bere ikerketaren arabera, pertsona eleaniztunek elebakarrek baino baliabide gehiago ohi dituzte, testua antolatzen jakitea bezalako trebetasuna hizkuntza batetik beste hizkuntza batera transferitu ahal baita. «Gainera, pertsona eleaniztunek onurak dituzte maila kognitiboan, ez azterketa emaitzetan bakarrik», azaldu du.

«Ohore handia izan da»

Maialen Urbietak ilusio handiz jaso du saria. «Ohore handia izan da, ikerketa hau aurrera ateratzeko oso gogor lan egin bainuen», ziurtatu du.

Bideorako bere lana hiru minututan laburtzea ez zion ahalegin gehiegi ekarri. «Hainbat saio egin nituen hura grabatzeko. Azkenean bidaia bat egin behar izan nuen, eta, itzuli nintzenean, etenik gabe grabatu nuen. Ideiak argi nituen eta horrek prozesua erraztu zuen», kontatu du.

Maialen Urbietak Haur Hezkuntza ikasi du eta Lehen Hezkuntza gradua amaituko du irailean. Lehen mailan, AEBetan lan egin zuen haurtxoekin, espainiera, ingelesa eta keinu hizkuntza aldi berean irakasten. Esperientzia horrek piztu zion eleaniztasunerako interesa, eta, azkenean, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterrean matrikulatzera bultzatu zuen.

Orain bigarren gradua amaitzean eta umeekin daukan esperientzia handitzean ardaztuta dago Maialen. «Nire doktoregoarekin hasi baino lehen esperientzia gehiago izatea gustatuko litzaidake. Beharbada datorren urtean beka eskatzen saiatuko naiz», azaldu du.

Research Pitches lehiaketaren lehenengo edizio honetan GCUko kideak diren hamar unibertsitateek hartu dute parte, eta bakoitzak, gehienez, hiru hautagaitza aurkeztu ahal izan ditu. Bigarren eta hirugarren saria Jaume I Unibertsitateko bi ikaslek lortu dute: Lorena Bort ikasleak, 'Aprender inglés para estudiantes disléxicos' bideoagatik, eta Maria Josefina Pelaez ikasleak, 'Cómo hacer la felicidad más fácil' bideoagatik. Sariak 900 euroko balioa du. Diploma GCUko buruak emango du irailean batzar nagusian, Pecsen (Hungarian).

Compostela Unibertsitate Taldeko (CGU) irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta lankidetza eta elkarrizketa sustatzea bilatzen du goi mailako hezkuntzarekin zerikusia daukaten esparru guztietan. Galiziako Santiagoko Unibertsitatearen ekimenez sortu zen, eta gaur egun mundu osoko 70 kide baino gehiago ditu, EHU haien artean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos