http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Egungo gizartean badirudi gizonak elkar besarkatzeko beldur garela»

Beira taldea, kontzertu batean./
Beira taldea, kontzertu batean.

Beira taldeko abeslaria den Jon Martinek 'Braillean' disko berriaren nondik norakoak eta gehiago kontatu ditu

IZASKUN MOYANO

Orain arte musika entzun bakarrik egin zitekeela uste zen, baina Beira taldearen disko berriak eskema guztiak apurtu ditu. Lan hau grabatzeko erabakia hartu zutenean argi izan zuten zein izango zen beraien xedea: letra eta musika zentzu guztietan heltzea entzulearengana. Kontzertuetan doinuak entzun eta irudiak ikustea, azken finean zentzumen guztien bitartez beraien lana sentitzea. «Kanta bakoitzak bere atmosfera du», azaldu du Jon Martin, taldeko abeslariak.

Bera da Beirako bertsolaria, eta halaber, abestien letrak asmatzen dituena. Gainontzekoak, ordea, musikariak dira. 'Ez dok 13' aitzindari izandako nahasmenean «beste koskatxo bat» gehitu dutela adierazi du. Hots, bertsolaritza eta musikaren arteko «sokatira» antzeman daiteke Beira taldearen abesti guztietan. Martin, bera, da hitzok idazteaz arduratzen dena, normalean iluntzean etortzen zaion inspirazioari jarraituta. «Koadernoa egunero gainean daraman horietakoa naiz», onartu du abeslariak.

Atera berri duten disko honetan, aurrekoetan bezala, maitasunaren gaia da nagusi. Hala ere, lan batetik bestera nolabaiteko eboluzioa jasan du. Lehendabizikoan, maitasun eza edota maite duen norbaitek utzi izanaren mina islatzen duten abestiak entzun daitezke. Bigarrenean, benetako maitasuna zer den adierazten da eta letretan idazlea heldua egiten doala antzeman daiteke. Labatik atera berri den honetan, ordea, maitasun erromantiko ukitua dute bertsoek.

«Ez dira maitasun matxista, posesiboari buruzko kantak», argitu du Martinek. «Zu gabe ez naiz ezer» bezalako esaldiak alde batera utzi eta «pozik bizi naiz eta zoriontasun hori zurekin partekatu nahiko nuke»-ren tankerako baieztapenak daude entzungai 'Braillean' izeneko disko berrian. Hots, «bat egin behar duten erdiak» baino, «elkarrekin egotea erabaki duten osoen» metaforak aise antzeman daitezke.

«Oso sentibera izan naiz txikitatik eta gauza politei begira egotea atsegin dut». Badirudi esaldi horretan egon daitekeela taldearen izenaren jatorrietako bat: Beira. Beiraz eginda daude lupak eta hauek zonalde bat handitzeko gaitasuna dute, detaile txikienak ere agerian utzita. Jon Martinen aburuz, «zerbait mimoz eta pazientziaz begiratuz gero, benetan dena baino politago ala itsusiago bihur daiteke». Beraz, taldeak «presaka dabilen jendearengan eragina sortu eta elementuak lasai begiratu eta hausnartzeko» gonbidapena luzatzen du.

Diskoan bertan, 'Lumak' izeneko abestiaz goza daiteke. Honako hau egungo gizartean diren bezala erakustearen beldur diren gizonei zuzenduta dago. Oro har, gizon indartsu eta ekintzaile, eta emakume sentiberen kanonak finkatuta daude, eta molde horietan sartzen ez dena arrarotzat hartzen da. «Badirudi, egun gizonak elkar besarkatzeko beldur garela», esan du abeslariak. «Zintzilik daukagunaz harro sentitu baina zintzilikatuta geratzen dena ezkutatu egiten dugu».

Gauza txikien edertasuna eta tabu diren gaiak omen dute xarma lan honetan. Izan ere, 'Predictor' kantan umeak izateko ezintasunaren inguruan mintzatzeko beharra islatzen da. «Zeinen polita den ahalegintzea eta zein gogorra ez lortzea». Horrez gain, euskal gatazkari buruz hitz egiten duen abesti bat ere badago. Antzina batean euskal nortasuna argitara emateko zegoen debekua eta sufrimendu horri buruzko hausnarketa da. Bideoklipean Kukai taldeko Eneko Gil dantzaria da protagonista eta espero gabeko arrakasta lortu du, egun gutxitan milaka erreprodukzio lortuta.

Musikak ere hitz egiten daki

«Sentsibilitate ezberdinen batura da errealitatea», adierazi du abeslariak. Hori dela eta, bere nahia «entzule orok bere abesti gogokoena aukeratzea» da. Azken finean, kantaren bat entzun edota bideoklipak ikusi ondoren, une honetan zeinekin identifikatzen diren adieraztea. Euskarazkoak diren arren, gure hizkuntza ulertzen ez duen jende erdaldunari ere asko gustatu omen zaie. «Izugarria iruditzen zait, gure abestien xarma letretan zegoela uste bainuen. Baina ez. Musikak ere berebiziko garrantzia du, musikak ere hitz egin eta transmititu egiten du».

Sentimendu hauek guztiez etxean diskoa entzunda goza daitezke. Baina musika zentzumen denekin sentitu nahi duenak Beira taldearen kontzertuetara joatea baino ez du. Taldea, datorren abenduaren 6an Durangoko Azokan arituko da zuzenean, Ahotsenean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos