http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lo egiteko kantak

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Akueduktuak, galtzadak eta zuzenbide erromatarra eman zizkion Antzinako Erromak gaur ezagutzen dugun zibilizarioari. Oso argiak izan ziren erromatarrak, egia esan, baina oso alde ilunak ere izan zituen inperio horrek. Besteak beste, tortura anitz Erroman sortu ziren. Nazkagarrienen artean, lo egitea eragozten zuena zegoen. Ondo zekiten erromatarrek zeintzuk ziren lo ezaren ondorioak.

Ondo lo egitearen garrantzia ezaguna bada oso, ez dago erregulaturik. Joaquín Terán-Santos medikuak Bilbon salatu duenaren arabera, geure gizarteak duen hainbat joera deskantsuaren kontra doaz. Askotan, geure bizimoduek eta geure lanek atsedenaldiarekin talka egiten dute.

Hori bai: ondo lo egiteko aholku asko dakizkigu: telebista, tablet eta telefono mugikorrak aldentzea, ariketa fisikoa egitea, lotara joan baino lehen edalontzi bat esne edatea… Ni, loa galtzen dudanean, oso metodo eztabaidagarria erabiltzen dut: ohetik jaikitzen naiz eta hotza izan arte ez naiz ohera itzultzen. Horrela, burusien beroa berriro nabaritzean, loak, poliki-poliki harrapatzen nau, hain gustura sentitzen naiz. Baina ez iezadazue kasurik egin, gainera lo egiteko arazo larriak ditugunean denok dakigu zein den biderik laburrena (ez onena): pilulak hartzea; pilula gehiegi, esango nuke. Pilulena, azken aukera izan beharko litzateke. Dena den, normala da insomnioa pairatzen dutenak desesperatuta sentitzea maiz.

Filosofiari helduz, baina loaren gaia alboratu barik, gizakiok libre jaio ginen, baina oso gaizki antolatu garela esan nahi dut. Hori da, behintzat, nik pentsatzen dudana iratzargailuak esnatzen nauen bakoitzean. Nola heldu garen antolakuntza honetara galdetzen diot neure buruari.

Laburbilduz, ondo lo egiteko eskubidea aldarrikatu beharko genukeela. Ondo lo egiten ez dutenek ez dute amets egiteko gaitasuna galtzen, hori bakarrik adieraziko genuke poeta bagina; baina euren ametsen atzetik joateko kemena galtzen dute ondo lo egiten ez dutenek. Ondo legoke, beraz, lo egiteko kantek reggaetonaren lekua har dezaten. Horrek ere deskantsua emango liguke, imajina ezazue.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos