http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Durangoko Azoka martxan da jada

Durangoko Azoka, gaur./Maika Salguero
Durangoko Azoka, gaur. / Maika Salguero

Azokara hurbiltzen direnek gune desberdinez eta bertan ospatuko diren ekitaldiez gozatu ahal izango dute

VIRGINIA ENEBRAL

Gaur hasi den Durangoko Azokak guztientzat pentsatutako egitaraua eskaintzen du. Kulturzale bakoitzak bere esparrua du: agertokietako taulak maite dituenak arte eszenikoen plazara jo beharko du; aurrerakuntza teknologiko berrien jarraitzaile amorratua baldin bada, ordea, digitalaren plazan aurkituko du bilatzen duena. Areto Nagusian, Azokako ekitaldi nagusien gunean, balorazioak, prentsaurrekoak, mahainguruak... antolatuko dira. Eta Kabian teknologia eta eduki libreak aurkituko ditu interesdunak.

Magiaz eta irudimenez gozatu nahi dutenak, bestalde, Saguganbarara hurbildu beharko dira eta kontzertu handien bila bazoaz Plateruena da toki bikaina. Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza berriak, aldiz, Irudienean proiektatuko dira. Bertan, hausnartu eta eztabaidatzeko aukera ere izango da.

Hortaz aparte, Szenatokia daukagu, antzerkigintzaren gunea. Antzerki maratoia, mahai ingurua, tailerrak, emanaldi luzeak... eskainiko zaizkie bertan bisitariei. Ekitaldia pantaila aurrean behar bezala ikusteko aukera izango da ere bai. Izan ere, Azoka Telebistak streaming bidez emisioa eskainiko du Durangoko Azokako webgunearen home atalean goizeko 10:30etik 20:00etara.

Familia osoak elkarrekin gozatzeko tokia ere badago. Baina hau ez da betidanik horrela izan. 'Saguganbara', 'Irudienea', 'Szenatokia' eta 'Kabia' guneen aitzindaria da Ahotsenea. «Katalizatzaile moduan jokatu zuen eta gaur egungo Azoka gunearen oinarriak ezarri zituen», adierazi digu Gotzon Barandiaranek, aurten hamar urte bete dituen espazio horren asmatzaileetariko batek.

«Orain dela hamaika bat urte bazebilen Durangoko Azokaren ereduari buruzko eztabaida bizia, behintzat hara joaten ginen argitaletxe eta diskoetxe batzuen artean. Erdarazko produktuak indar handia hartzen ari zirela ikusi genuen, askotan, musika eta literaturarekin zerikusirik izan ez arren, eta hausnartzen hasi ginen euskaraz ekoiztutako literaturak eta musikak zer nolako presentzia zeukan. Esaterako, hedabideetan izugarri nabarmendu zen sukaldari baten liburua izan zela salduena; ondorioz, gutako asko kezkatzen hasi ginen. Bestalde, iruditzen zitzaigun ez zela nahikoa liburuak eta diskoak salmahaietan erakustea, beste zeozer behar genuela, eta gogoeta horri Edorta Jimenezek eta biok serio ekin genion aukera bat proposatu nahian. Bera Italiara gonbidatua izan zen literatur jardunaldi batzuetara. Han ikusi zuen idazleei eta irakurleei lasaitasunez hitz egiteko tartea eskaintzen zietela eta, apur bat mamitu ondoren, pentsatu genuen hori izan zitekeela gure abiapuntua, hots, sortzaileak eta zaleak aurrez aurre jartzea. Horrela sortu zen Ahotsenea».

«Beti esan dugu formatuarekin asmatu genuela, Ahotsenea bera bakarrik baitoa aurrera»

Barandiaranek 'ekarpen' bat izan zela azpimarratzen digu Azokaren lehenengo egunean. «Betidanik izan dugu argi Ahotseneak Azokaren parte izan behar zuela, lagundu baino ez genuen nahi, Azoka osatzeko borondatea genuen». Lehenengo edizioa oso xumea izan zela gogoratzen du. Halere, idazle eta musikari askok begi onez ikusi zuten ideia. «Eta handik gutxira, sekulako gorakada izan zuen, bai kalitate bai kantitate aldetik. Sortzaileen erantzuna izugarria izan zen eta kulturzaleena ere bai».

Inurri lana

Ezinezkoa izan zen arrakasta aurreikustea. «Ez genuen xede handiegirik; izan ere, epe luzerako ikuspegiarekin ekin genion, abiadura hartzea kostatuko zitzaiolakoan. Inurri lana da gurea eta astiro-astiro eta etsi gabe hasi ginen, baina hirugarren urtean egundoko zabalkuntza izan zuen», aitortzen du Barandiaranek. «Beti esan dugu formatuarekin asmatu genuela, Ahotsenea bera bakarrik baitoa aurrera. Zaleak eskaintza berrien goseak daude». Gainera, gogorarazten du bi pausoetara produktuak daudela salmentan: «Bikaina da zerbait entzutea edo ikustea eta liburua edo diskoa handik hurbilera erosi ahal izatea, era natural batean».

Arrakasta hitza ez du gustuko, ordea, Lutxo Egiak, 2014an Barandiaranen lekukoa hartu zuenak. «Ez dugu horrela baloratzen, baizik eta betetzen duen funtzioaren arabera. Eta Ahotseneak Azokan ez ezik, euskal kulturan ere badu zeregin bat. Urtean zehar kaleratzen diren lanak baldintza beretan ematen dira ezagutzera. Lanek, jakina, urtekoak ez ezik, euskaraz ere izan behar dute. Hau ez da jaialdi bat, plaza bat baizik. Horrela jaio zen eta horrela jarraituko dugu».

Hala eta guztiz ere, zenbakiek berez hitz egiten dute. «Sortzaileek beso zabalik onartu zuten berehala eta harrera hori gaur arte mantendu da. Urtero dauzkagun aurkezpen kopurua da horren erakusgarri: bost eguneko Azokan 125 emanaldi izan ohi dira; 70 kontzertu eta 45 literatur solasaldi. Egile ezezagunek, adibidez, zuzenean erakutsi ditzakete euren lanak. Eta publikoak ere bestelako kontaktua izatea eskertu egin du», azaldu digu Egiak.

Inbertsio eskasa

Iraganera begiratzea etorkizuna atzematea baino errazagoa da. Egiak aitortzen du ez dakiela nolakoa izango den geroko Ahotsenea: «Urtez urte ikusiko dugu. Halere, aldaketak izan ditu jada; izan ere, bi arloak, kontzertuena eta solasaldiena, bereizteko beharra sumatu genuen. Gainera, literatur saioetan zuzeneko irakurketak sartu genituen eta, aldi berean, irakurleei hitza eman genien. Beraz, ez dakit nolakoa izango den aurrerantzean Ahotsenea, baina beti saiatuko da sortzaileen errealitatera egokitzen». Bere kideak hemendik hamar urtera, «hobe lehenago bada», beste batzuek gidatzea espero du: «Mundua ikusteko beste modu bat izango dute eta plaza berritu bat asmatuko dute». Belaunaldi berrien erreleboa heldu arte, kalitate hobeko literatura eta musika erakustea da euren helburua.

Ibilbide oparoa izan arren, Barandiaranek badarama bihotzean bere arantza. «Durangoko Azoka abenduan da eta sasoi honetan, ohi denez, hotz egiten du, baita euria ere. Ondorioz, kanpoan jartzeko azpiegitura txukun bat izango litzateke desiragarriena. Orain dela bi urte, gaur egun etxebizitzak altxatzen diren orubean karpa handi bat egiteko aukera izan genuen, bi eszenatokirekin, baina iaz bueltatu behar izan genuen gauden lekura. Beraz, espazio iraunkor batekin amets egingo nuke». Dena den, dagoenarekin lan «dezente» egiten dutela azpimarratzen du. «Nahiz eta ekonomikoki pizgarri bat jasotzea komenigarria izango litzatekeen, baldintza onetan eskaintzen ditugu kontzertuak eta solasaldiak; izan ere, mimo handiarekin prestatzen dugu gunea eta urtero aldatzen dugu dekorazioa».

Ahotsenearen bultzatzaileetako batek benetako laguntza eskatzen die erakundeei: «Behin baino gehiagotan esan dugu egiten dutena baino inbertsio handiagoa behar dela, baina ez dugu inolako intentziorik ikusten». Durangoko Azokak ez duela lehentasunik leporatzen die Barandiaranek. «BBK Live jaialdiari edota Guggenheim museoari diru-laguntzen bidez urtero milioiak bideratzea erabaki politiko bat da. Euskal kultura estrategikoki garrantzitsua balitz, haren alde egingo lukete. Aitzakia beti da berdina: ez dagoela nahi adina dirua, baina ekintza honetarako Garapen eta Industria arlotik zuzendu da dirua. Baita Turismo sailetik ere. Ekimen horien eta Azokaren arteko aurrekontuek ez dute alderaketarik. Durangoko Azoka apurkinekin eginda dagoen proiektua da eta egoera hau salagarria da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos