http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Disidentzia erromantikoa

Disidentzia erromantikoa

Nobela honetan ardatza, protagonistarena egiten duen pertsonaiaren ibilbidea da

JAVIER ROJO

Uxue Alberdik argitara eman duen azken eleberriak ‘Jenisjoplin’ du izenburua. Nobela honetan ardatza, protagonistarena egiten duen pertsonaiaren ibilbidea da. Izan ere, eleberrian zehar Nagore Vargas (Jenisjoplin, aitak deitzen dion bezala) izeneko pertsonaiaren bizitza kontatzen zaigu, lehenengo pertsonan azalduta. Istorioan berak foku moduan jokatzen du, bere inguruan gertatzen den guztia argitzen eta argi horren arabera azaltzen. Nagore Vargas 80ko hamarkadaren lehenengo urteetan jaioa da eta oso gaztedanik, nerabea denetik, bere bizitzaren lema eskuetan eduki nahi izan du.

Nobelan azaltzen denez, hiru zutaberen gainean eraikitzen du bizitza: militantzia, sexua eta disidentzia. Euskal Herriko eskualde marjinatuan (marjinazioa erdigunean beti, euskal literaturan) hazita, klase kontzientzia argia du lehenengo momentutik. Eta berak, baztertuen alderdian dagoelarik, mundua marjinalitate horretatik ikusten du. Alde honetatik, gure literaturan askotan gertatzen den bezala, leku bat agertzen da modu pribilegiatuan ikuspuntu hori erakusteko: taberna. Militantziarekin batera pertsonaia definitzen duen bigarren osagaia sexua da. Sexua, dena dela, askatasunaren adierazpide moduan agertzen zaigu istorioan, horren bidez pertsonaiak bere burua azpimarratu nahi baitu, bizitzaren aurrean erabakiak berak hartzen dituela azalduz. Libre da harremanetan, askatasun honek ondorio txarrak (hiesa) ekarriko badizkio ere. Eta hirugarren zutabea, agian garrantzitsuena, disidentzia da. Bere burua azpimarratzen, bermatzen duen neurrian, besteekiko diferentzia ere azpimarratuta geratzen da. Besteek onartutako bideak ez datoz bat protagonistaren ikuspuntuarekin. Eta bere buruaren kaltean bada ere, disidentzia horretan tinko mantentzen da, atzera egitea errenditze moduko bat baita.

Pertsonaia ia heroi epiko erromantikoa balitz bezala aurkezten zaigu, inguruaren kontra borrokan, guztiaren aurrean bere identitatea azaldu nahirik. Eta pertsonaiaren ibilbidea kontatzen zaigun bitartean, Euskal Herrian azken urte hauetan gertatutakoaren kronika ere azaltzen zaigu nobela honetan, Nagore Vargas gertakari horien guztien lekukoa ere bada-eta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos