http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Diman egingo dute aurtengo Udalerri Euskaldunen Eguna

'Euskara, gure lurra' lelopean, maiatzaren 26an helduko da Bizkaira UEMAk antolatzen duen eguna, eta Mankomunitatean sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartzea espero da: Arantzazu eta Bakio, hain zuzen ere

AMALIA IBARGUTXI

'Euskara, gure lurra' lelopean, maiatzaren 26an helduko da Bizkaira Udalerri Euskaldunen Eguna. Bi urtetik behin egiten du UEMAk aurten Dimari antolatzea egokitu zaion eguna. Egun osorako egitaraua osatu dute. Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Dimako eskolan, eta UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartzea espero da: Arantzazu eta Bakio, hain zuzen.

Goizean kalejira egingo dute, buruhandiekin, txotxongiloekin, Jentiltxu eta Jentilirekin. Gero, kantujira eta bertso bazkaria Unai Iturriagarekin eta Jon Maiarekin. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian. Abizarie euskara elkartea, Dimesten, Zamakola elkartea, Andraizea, Dimetaleroak, Bertso Eskola edota Dimako Eskolako Guraso Elkartea, besteak beste, aritu dira Eguna antolatzeko lanetan.

Arratsaldez herri kirolen txanda helduko da, eta gauez, Areatzako batukada eta  Egurra Ta Kitto taldearen kontzertua eta Ezten Giro erromeriak emango diote amaiera egunari.

Gainera, eguna girotzen hasteko, bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu zuten gazteei ere harrera egingo zaie Dimako udaletxean. Izan ere, topaketa haietan parte hartu zuten gazteek protagonismo berezia izango dute asteburuan zehar, beraien herrietako esperientziak partekatzeko ekimenekin, eta gazteentzat berariaz prestatutako mintegiarekin.

Josu Labaka UEMAko lehendakariak adierazi duenez, maiatzaren 26koa udalerri euskaldun guztien eguna izango da, ez UEMAko kide direnena soilik. «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak; biztanleen %70etik gora euskaraduna dutenak. 

«Askotan nabarmendu dugu, baina udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari», adierazi du Labakak. «Herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa, euskara baita herri hau loratu dadin ezinbestekoa den lurra. Euskara baita herri honen sustraiek duten ongarri naturala. Euskara da gure lurra».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos