http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

‘Diferentziaren harmonia’, Kamasi Washingtonen suite berria

Kamasi Washington, uda honetan eskainitako kontzertu batean. /Juan Herrero / EFE
Kamasi Washington, uda honetan eskainitako kontzertu batean. / Juan Herrero / EFE

Amerikar saxofoi-jotzaileak, bere azken diskoan afroamerikarren auto-hausnarketaren eta jazzaren arteko harremanak eguneratzen ditu

FELIX GERENABARRENA

Joan den irailaren 29an kaleratu zen Kamasi Washington saxofoi-jotzailearen azken diskoa, 'Harmony of difference' (Diferentziaren harmonia). Los Angelesen jaiotako musikaria gaur egun jazz munduan dagoen figura handienetako bat da. Bere aurreko lanari esker –2015eko 'The Epic' hain zuzen ere– lortu zuen kritikarien eta entzuleen oniritzia. Bertan, ia hiru orduko abentura musikala eskaintzen zuen, komertzialtasunetik aldenduz eta John Coltrane edo Pharoah Sandersen musika-esperientziak hartzen ditu abiapuntu gisa. Horrek esan nahi du, Kamasi Washingtonentzat, musika dagoela mundua esperimentatzeko gizakiak duen moduari itsatsita. Hau da, estetika, etika eta espiritualtasuna eguneratzeko bidea bilakatu daitekeela jazz musika. 'Harmony of difference' lan honetan, ildo horri jarraitzen dio, oraingoan gizarte-egoeraren lekuko eta bozeramailea bilakatuz. 'Harmony of difference'ren kasuan gizartean dauden indarrak eta diferentziak edertasunezko sintesi bilakatu daitezkeela adierazten digu Kamasi Washingtonek.

Gizarte-gaien eta musikaren arteko harremana ez da normalean zuzena izaten, batez ere antzeztuak ez diren musika saiakeretan. Musika klasikoan Frederic Rzewski Harvardeko sortzailearen 'The people united will never be defeated' piano-bariazioak horren adibidetzat jar daitezke. John Adamsen 'The gospel according to the other Mary' opera antzeko lanak Hego Amerikan Askapenaren Teologiak izan zituen pobreziaren aurkako eta justiziaren aldeko ahaleginak islatzen ditu. Jazzaren eremuan, aipagarria da 1960an Max Roachek eta Oscar Brown Jr.-ek grabatu zuten 'We insist!' izeneko LPa. Bertan, Roachek eta Brownek, 1963an, esklaboen emantzipazio aldarrikapenaren mendeurrena gogorarazi nahi izan zuten. Emantzipazio Aldarrikapena da 1863ko urtarrilaren 1ean Abraham Lincolnek argitaratu zuen agindua Estatu Batuetako hegoaldeko hiru miloi esklaboren egoera aldatu zuena, gizaki aske bihurtzen baitzituen aldarrikapen horrek.

Edertasuna

Aipatu behar da Roachen suite hori forma aldetik bete-betean jazz abangoardian kokatu daitekeela, alde melodikoa nolabait itzalpean geratzen baita mezuaren indarra azpimarratzeko. 'Harmony of difference', ordea, formalki ez da horren apurtzailea, idazkera konplexutik aldentzen da eta edertasunaren kontzeptuak diferentziek sortzen dituzten oposaketen azken sintesiaren garrantzia dauka.

Kamasi Washingtonek azken lan honekin afroamerikarren auto-hausnarketaren eta jazzaren arteko harremanak eguneratzen ditu. Achille Mbembe pentsalariak azpimarratu du beltzen patuak duen munta modernitatearen garapenean. 'Critique de la raison nègre' bere liburuan aipatzen du belztasunak berezko esanahi historikoa duela. «Oraindik ere baldin badago objektu bat eta leku bat imajinazioaren eta ekonomiaren erlazio fikzionala azaltzen duena, begi-bistan ageri da modu basatienean, desberdinenean eta nabarienean, 'beltza' deitzen diogun zeinu horretan». Mbemberentzat beltza izenaz ez da giza multzoa soilik izendatzen, gabezia egoera bat baizik. Judutarren irteerak izan zuen eragina modernitatearen kontranarrazioak sorraraziz, batik bat Marx eta Freuden susmoaren edo itzalaren zientziak garatuz. Antzeko lekua izan beharko luke Mbemberen ustez 'raison nègre' delakoak edo arrazoi beltzak, izan ere, beltzen kondizioa transnazionalizatu egin baitzen, hau da, lurralde bateko arazoa izatetik gizakiaren gabeziaren ezagutzarako leku aproposa bilakatu zen.

«Historiaren determinismoa erlatibizatu egiten du jazzak»

Gabezia horren ezaugarriak artean gauzatu dira batik bat. Kamasi Washingtonen azken suite honetan, lehen mugimenduak 'Desire' du izena. Desioa da, esate baterako, Wallace Thurmanen 'The blacker the Berry' nobelan azaltzen den osagarrietako bat. Emma Lou emakume gaztearen imajinazioa desioak baldintzatzen du: «Mutila izan beharko zen, orduan larruazalak ez zuen horrenbesteko garrantzirik izango, bere amak errepikatzen baitzuen mutil beltz batek aurrera egingo zuela, baina neska beltz batek ez zuela samina eta etsipena besterik ikusiko».

Gabezia

‘Humility’, (apaltasuna) bigarren mugimenduak Ralph Ellisonen gabeziaren subjektibotasuna gogorarazten du, beltzaren kontzientzia antinartzisista. Ellisonek 'The invisible man' bere liburuan idazten duen moduan, «Sarritan, nor bere existentziari buruz zalantzak izatera iristen da. Galdegiten dio bere buruari ez ote den besteren buruan dagoen itzal bat baino, lokamuts batetik ateratako irudia edo, lo dagoenak bere indar guztiekin suntsitzen saiatzen den horietako bat». Europar subjektibotasun kartesiarrarekin konparatuz, Ellisonen kontzientzia besteen harreran oinarrituta zegoen, giza medioak erabat baldintzatzen zuelako beltzaren izatea.

Jakina, beltzaren suspertzea ez da une oro harmoniaz beterikoa izan. Jayne Cortez poeta jazz munduan buru-belarri sartuta egon da eta zauriz beteriko esperientzia gauzatu du bere idazkeran. 'There it is' bere poemak dio «ene lagun hori, haiei ez zaie axola indibidualista zaren, ezkerrekoa edo eskuinekoa, burua zaborrez beterik duzun edo sugea zaren. Saiatuko dira zu ustiatzen, zu xurgatzen, zu giltzapetzen, zu arrozten, zu bakartzen». Horregatik, Kamasi Washingtonen erantzunaren berezitasuna diferentziaren eta diferentzien harmonian dagoela azpimarratu behar da.

Daniel Martin Feigek 'Philosophie des jazz' liburuan aipatzen zuen jazzaren ezaugarrietako bat dela ez duela, kalitatezkoa izateko, aurretik beste eremu batzuetan sortutako irizpideak bete behar. Jazzak, inprobisazioaren bitartez, errealitatea hankaz gora jartzen du, ez baita azkena abiapuntuaz definitzen, baizik eta azkenak berak finkatzen du abiapuntua. Horrela, historiaren determinismoa erlatibizatu egiten du jazzak eta errealitate berriei izateko aukera ematen die, bai musikalki eta baita gizartean ere. Hori da jazzaren egia eta Kamasi Washingtonek 'Truth' azken mugimenduan erakusten digu posible dela aniztasuna bere aberastasunean baloratzea, kulturak finkotzat hartzen dituen kategoriak bigunak izan behar direla.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos