http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Denok gara barbaroak

Denok gara barbaroak

Luis Garde autoreak 'Barbaroak baratzean' liburua argitaratu du

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Luis Garde ibilbide oparoko poeta da, arrakastarik handiena nobela gogoangarri batekin ('Ehiztariaren isilaldia', 2015) lortu badu ere. Nobela horrek batez ere poesiara emana den idazle baten bidean parentesi moduko bat ekarri du, hala dirudi orain arte behintzat, eta horren ostean berriro agertzen zaigu Luis Garde poeta, gogoratzeko moduko beste liburu batekin: 'Barbaroak baratzean'.

'Barbaroak Baratzean'

Egilea
Luis Garde Ollerkiak
Argitaletxea
Balea Zuria.Donostia 2017. 132 orr.
Prezioa
14,00 euro.

Irudi batzuek zeharkatzen dute liburu hau alderik alde, poema hauei batasun tematikoa eskainiz. Irudi horiek (harresia edota itsasoa, adibidez) aldez edo moldez mugarekin erlazionatuta daude. Lehenengo eta behin, erreferentzia zehatz baten adierazpidea dela dirudi muga horrek, mendebaldearen inguruan halako harresi bat eraiki baita, itxurazko paradisu honetatik kanpo daudenek bertaratzerik izan ez dezaten, baratze aberats hau honda ez dezaten. Baina egoera zehatz hori transzenditzen da poema hauetan eta maskarak kenduta gizakiaren benetako izaera nabarmentzen zaigu. Izan ere, liburuaren izenburuan agertzen diren hitzak erabilita, gizaki guztiak momenturen batean baratzetik kanpo egon diren barbaroak izan dira. Modu desberdinetan uler daiteke ideia nagusi hau. Adibidez, ia esfortzurik egin gabe, ideia hau paradisuaren galerarekin erlaziona liteke. Kasu honetan, ideia honen atzean gizakiaren benetako izaeraren deskribapena agertzen da, gizakiaren esentziaren azalpen existentziala, bizitza bera paradisutik egoztea da-eta. Beste maila batean, gizakiaren historia ere azal dezake irudi horrek, gizakia, edozein gizaki, beti paradisuaren bila doan barbaroa baita. Eta ustezko paradisu hori eraikita, 'bertoko' bihurtzen da. Eta bertokoak/barbaroak dialektika horren bidez azal liteke gizakiaren ibilbidea historian zehar.

Luis Garderen poema hauek interpretazio desberdinetarako aukera uzten dute, eta horixe da liburu honen balioetako bat. Edonola ere, zein ere baita irakurlearen interpretazioa, bi gauza nabarmentzen dira poema hauetan. Bata, gizakiari buruzko jarrera ezkorra. Bestea, poesiaren ikuspuntutik begiratuta inportanteena, ideiak poetikoki pentsatzeko ahalmen miresgarria. Eta azken honek erakusten du poeta onaren eskua.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos