http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Denbora zizelkatzen

Harkaitz Cano
HARKAITZ CANO

Urtero izaten dira Donostiako Zinemaldian errepikatzen diren gaiak, eta aurtengoa ez zen salbuespena izan. Behin eta berriro agertu zenetako bat, deus berria ez den arren, zahartzarora iritsitakoan hartu beharreko erabakien gaineko kezka nabarmena izan zen. Denboraren joana eta heriotzaren itzala, finean, ba al da beste gairik? Nobuhiro Suwaren 'Le lion est mort ce soir' ez da lan bereziki ona (astuna eta narritagarria ere badela esango nuke, tarteka), baina pantailan Jean-Pierre Léaud aktore handia agertzen den bakoitzean, hunkitu egiten gaitu adineko gizon hori (bera da, egiaz, 'lehoia') Truffaut-ren 'Les 400 coups' filmeko azken sekuentziako Antoine Doinel mutiko bihurri ahaztezina dela gogoratzean. «Gizaki baten bizitzako sasoi garrantzitsuena 70-80 urte bitartekoa da, hor deliberatzen da guztia», esaten digu. Heriotza «enkontru bat» bezala deskribatzen du Léauden pertsonaiak, eta aktore ere badenez gero fikzioan, kezka agertzen du heriotza bat -norberarena- antzeztu ote daitekeen ala ez ebazteko orduan.

Zinema egitea denbora zizelkatzea dela zioen Tarkovskik, eta bada gaur ere bere esana primeran betetzen jarraitzen duenik, Richard Linklaterren 'Boyhood' lekuko. Zuzendari iparramerikarrak baino zalaparta gutxiagorekin, Robert Guédiguiainek hiru hamarkada baino gehiago daramatza aktore berberekin lanean: 'La Villa' filmean, esate baterako, duela hogeita hamar urte filmatutako irudiak erabili ahal izan ditu aktoreen gaztaroa 'flash back' erreal batekin irudikatzeko. Gauza ederra behar du izan norbere lan zaharrak orain egiten ari zaren berrietan txertatu eta birziklatzeko aukera izateak, ala? Efektu berezien premiarik ez. Zahartzen diren leku, ideia eta pertsonen istorioak kontatzen dituztenen ildo berean, Paolo Virziren 'The Leisure Seeker' bizitzaren amaierara heltzen ari den bikote bati buruzkoa da, Donald Sutherlandek eta Helen Mirrenek ezin hobeto hezurmamitua: minbizia du batak eta dementzia besteak, eta haien azken bidaia izango dela jakinaren gainean, autokarabana hartu eta elefanteen hilerrirako bidea abiatzen dute, bizi izandakoen errepasoa azken eskailera mailak igotzeko erregai bilakatu eta orainaldiak uzten dizkien zirrikitu urrietan umorea eta konplizitatea bilatzen saiatzeko, noiz goxo eta noiz mikatz. Michael Hanekeren 'Happy End' izenburu ironikoko filmean ere aipatzen da gaia, Mendebaldeko kulturak konpondu gabe daukan heriotzarekiko 'enkontru' hori, bizitza alferrik luzatzearen agoniari, erantzun instituzionalik ezean, irtenbide pertsonal bat topatu beharra.

Zinemaldiko beste gaietako bat gurasoen seme-alabekiko desatxikimendua izan zen. Badirela, alegia, guraso karneta kentzea merezi luketen hainbat aita-ama, eta ez gutxi. Andréi Zviáguintseven ‘Loveless’ da adibide bat. Ez ama eta ez aita, ez dira hamar urteko semeaz sobera arduratzen; banatzen ari dira, traba zaie semea euren bizitzak berregiteko. Eztabaida guztiak atearen bestaldetik negarrez entzuten dituen mutikoak («barnetegi batera sartzea onena»), etxetik ihes egingo du, Moskuko negu hotzean desagertzen den Antoine Doinel errusiar bilakatzeko. Horren aurrean gurasoek hartzen duten jarrera oso modu trebean kontatzen zaigu, bukaera durduzagarriraino heldu arte. Klima hotzetik klima berora, Sean Bakerren 'The Florida Project' filmean aske ageri dira haurrak jolasean («Umeek txantxetan harrikatzen dituzte igelak, baina igelak benetan hiltzen dira» esamoldea ez legoke hemen soberan), haiek baino umeago diren ama arduragabeen orbita lausoan. Film amerikarrean zein errusiarrean, bataren eta bestearen tonua eta garapena oso ezberdinak izanagatik ere, bada errepikatzen den zerbait: sakelakoaren argi urdinaren protagonismo etengabea. Haurrak ez, gurasoak zurrupatzen ditu telefonoak, gauez zein egunez; totem horretan dute ihesbidea, bertan aurkitu nahi dute orakuluaren konponbidea, aholkua, komunikazioa, iristen ez den mezua… 80ko hamarkadako kinkien filmak ikusten nituenetik ez nuen jonki baten hain irudi nabarmenik atzeman. Telefonomenpekotasun horrekin identifikaturik sentitu beharko genuke, baina badakigu ukoarena dela adikzio guztietan gainditu beharreko lehen pausoa.

Smartphonearen garaia pasatzen denean -inork zalantzarik ba al du pasako dela hau ere?-, nola so egingo ote diete etorkizuneko zinezaleek garaiotan grabatutako film hauei guztiei? Gaur egungo nerabeek zuri-beltzezko film batean Jean Moreau bakelitazko telefono erraldoitik hizketan ikusten dutenean pentsatzen duten gauza bera pentsatuko dute, agian: «Nola bizi zitezkeen horrela, koitaduak?».

Irrikaz nago egun hori iristeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos