Borrar
Enid Blyton, 'Bostak' izeneko bildumaren idazlea.
Dear Mrs. blyton

Dear Mrs. blyton

Nire irakurtzeko benetako zaletasuna Britainia Handiko bi emakumeren eskutik etorriko zen: Richmal Crompton eta Enid Blyton-en eskutik

Roberto Moso

Miércoles, 25 de octubre 2017, 00:25

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Pubertaroa ez da beti gustuko oroimenen aroa izaten. Egun batetik bestera, umetan horren barregarri suertatzen zena, errietak jasotzeko modukoa bihurtzen da eta zure inguruan exijentziak ugaltzen dira etengabe. Badirudi irakasleek eta senideek bat egiten dutela zure bizitza samintzeko kanpaina batean -hori bai, beti «zure onerako»- eta bitartean, naturak egunero ezuste berriren batekin harritzen zaitu; askotan ongi etorriak ez diren ezusteak, zurekin geratzeko etorri direnak.

Nire kasuan behintzat, gonekin eta flauta-ahotsarekin batera nire lehenengo ikasgela mistoa etorri zen. Ordura arte beste planeta batean zegoena saihestezin bilakatu zen, saihestezina eta eskuraezina, batik bat takikardia eta aho-sikutasuna sorrarazten zizuten neska horien kasuan.

Pantailek ez zuten horrenbesteko garrantzirik garai hartan. Musika eta liburuak alde egiteko nire biderik egokienak suertatu ziren. Haurtzaroan komikia besterik ez nuen irakurtzen: Pumby, Strong, Trueno Kapitaina, Jabato, Mortadelo eta Bruguera argitaletxearen guztiak... gero «benetako» irakurketak egiteko presioak etorriko ziren. Sekula eskatu ez nituen «gazteentzako abentura liburuak» saiatu nituen: 'Ivanhoe', 'Un Capitán de Quince Años' edota 'Moby Dick' tankerako izenburuak. 'Colección Historias' izeneko bildumakoak ziren hauek eta nahi izanez gero, komiki moduan irakurtzeko aukera tentagarria eskaintzen zizuten. Egia esan, historia horiek gutxitan lortu zuten nire arreta harrapatzea, ez zuten nire eguneroko bizitzarekin inolako zerikusirik izaten.

Irakurtzeko benetako zaletasuna Britainia Handiko bi emakumeren eskutik etorriko zen: Richmal Crompton eta Enid Blyton-en eskutik.

Cromptom 'Guillermo' izeneko sagaren autorea zen. Mutiko hau -William, jatorrizko bertsioan- desastre hutsa zen. Beti esploratu nahi zuen esploratu behar ez zuena eta horretarako beti zeukan alboan bere lagun-taldearen laguntza: 'Los Proscritos' -legegabeak-, beren agintariaren atzetik, beste deskalabru bila pozik joateko prest.

Geroago, Enid Blytonen lumatik sortutako 'Los Cinco' ren abenturak deskubrituko nituen . Talde mistoa zen hau eta profilak gazte ezberdinen identifikazioa lortzeko eratuak zeuden. Beren abenturetan misterio eta ikerketa nagusi ziren, Kirrin uhartean igarotako udako oporraldietan.

Egun hauetan, bilduma honen lehenengo edizioaren 75. urteurrena bete da. 'Bostak primeran dabiltza' edo 'Bostak kontrabandisten muinoan' tankerako liburuei errepaso emanez gero, irakurleak oso mundu garbia eta ulerterraza berreskuratzen du. Gaizkileak itsusiak eta -ia beti- kanpotarrak dira -egun, guztiz okerra emango zuena- eta gure heroiak beti eskuzabalak eta azkarrak agertzen dira. Ongiaren eta gaizkiaren arteko muga argi eta garbi marraztua dago eta garaipenaren gakoa lan-taldean datza. Bostak dira ezinbestekoak, Tim txakurra barne, zorioneko amaieraren bila.

Kontaketa hauetan helduek ez dute apenas eraginik. Ikerketak oztopatzeko bakarrik agertuko dira, edota, behin misterioa argiturik, dominak euren bularretan eskegitzeko.

Hogeita bat ale argitaratu ziren. Hogeita bat uda Kirrin irla magikora itzultzen. Bertan bostak, beti adin berberarekin, abenturaren eta justiziaren onerako arituko ziren.

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios