http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantza tradizionalaren inguruko asteburu intentsiboa, Areatzan

Izen ematea zabalik dago, eta ikastaroak 50 euroko prezioa du

ELCORREO.COM

Aiko taldeak asteburu honetan eskainiko du Areatzan dantza «menu» oso bat. Katalin Zarate, Anartz Ormaza, Patxi Laborda eta Sabin Bikandi izango dira dantza ikastaro intentsiboa aur eta bihar eskainiko dutenak, ikasteko metodologia dibertigarria, argia, erraza eta bizi garen mundurako egokia erabiliz. Izen ematea zabalik dago, eta ikastaroak 50 euroko prezioa du. Hala nahi izanez gero, egonaldia eta jatorduak ere har daitezke Areatza Hotel Bainu-etxean.

'Dantza mokauak' izena daraman ikastaroak oso eduki anitzak eskaintzen ditu, partaideei, Nafarroako Luzaide herriko dantzen jauzien sekretuak, bikoteka egiten diren 'porrua', txotisa edo 'zortzikoa' dantzen garrantzia, balsak eskaintzen dituen erritmo eta aukera ugariak, korroan egiten dan dantza ulertzeko eta ikasteko oinarriak eta baita 'Axuri beltzara', kontserbatzen den dantza kantatu apurrenetakora, hurbiltzeko aukera ere. Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak eta Marian Arregi emazteak Jaurrietaren letrarekin eta melodiarekin berreskuratu zuten 1969an, ordutik ezaguna bilakatu den dantza hori ahanzturatik atereaz.

Gainera, eta ikastaroa Areatzan egiten denez, eta udalerria dagoen haranari keinu eginez, edukietako bat, duen edertasunarengatik eta konplexutasunarengatik ezaguna den Arratiako jotaren oinarrizko pausoen ikasketara egongo da zuzenduta.

Aiko taldearentzat, musikaren eta dantzaren arteko erlazioa estua da ezinbestean, biak koordinatu eta elkar osatzen dira eta, ondorioz, euren jardueretan lehentasuna ematen diote zuzeneko musikari. Horrela, zapatu gauean, Aikoko musikariek eta dantza maisuek jende guztiarentzat irekita egongo den erromeria eskainiko dute, ikastaroko partaide guztiekin.

Aiko taldea, dantza tradizionala pasioz bizi duten musikariz eta dantza maisuz osatutako kolektiboa da, eta hamar urte baino gehiago daramatza dantzaren hedapenean lanean, mota guztietako jardueren bidez: interpretatuz, dantza eginez, irakatsiz, grabatuz, ikertuz… Lan horietan guztietan BBK Fundazioaren lankidetza du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos