http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantza, musika, antzerkia... Zornotza Aretoan

'Artxipielagoa', 'Ele!! Lorca-Lauaxeta', 'Linbo Planeta' eta 'Deshakesperazioa' bezalako obrak ikusi ahal izango dira

ELCORREO.COM

Zornotzako biztanleek eskaintza kultural ugari izango dituzte aurten. Zornotza Aretoak urtarriletik maiatzera bitarteko denboraldirako programazioa aurkeztu zuen atzo, eta gustu eta ikus-entzule guztientzako «kalitatezko proposamenak» eskainiko ditu. Dantza, antzerkia, musika, zinea eta haurrentzako ikuskizunak izango dira bertan.

Bizkaiko herriko aretoko arduradunek jakinarazi dutenez, egitarau berria ostiral honetan hasiko da, 'Artxipielagoa' ikuskizunarekin. Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez akordeoi jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Olazabal pianista biltzen dituen ikuskizuna da, ikus-entzulearen partaidetza ezinbestekoa duena.

Urtarrilaren 26an, Karabanserai Produkzioak konpainiak 'Ele!! Lorca-Lauaxeta' ikuskizuna eramango du Zornotza Aretoko agertokira. Lorcaren eta Lauaxetaren poemen bitartez, poesiak eta arteak balioak transmititu ditzaketela eta irakurtzen eta entzuten dituztenengan eragina izan dezaketela kontatuko du ikuskizunak.

Otsailaren 3an Dejabu panpin laborategia konpainiaren 'Linbo Planeta' lana izango da Zornotzan, txotxongiloak, antzerkia, musika eta bideoa uztartuz, «desberdintasunaren, askatasunaren eta irudimenaren aldeko kantua egiten duen antzezlana».

Otsailaren 16an, Kabia teatroak 'Alike Alicia después de Alicia' ikuskizuna aurkeztuko du. Antzezlanak irudien animazioa eta zazpi antzezlek osatutako antzezpen lana elkartuko du espazio bakarrean. Otsailaren amaieran, William Shakespeareren testuetan oinarrituta dagoen Karrika Antzerki Taldearen 'Deshakesperazioa' lanaz ere gozatu ahal izango da.

Halaber, martxoaren 9an, Bilbao 700 Fundazioak 'Lyceum Club' antzezlana aurkeztuko du. Kulturan eta ausardian oinarrituta, feminismoaren oinarriak ezarri zituzten emakumeei eskaintzen zaien omenaldia da. Martxoaren 17an, Zornotza Aretoak familia osoari zuzenduta aurki estreinaturiko 'Izar' antzezlana eskainiko du. Apirilean eta maiatzean, Cancamisa Teatro, Hika Antzerki Taldea, Gorakada Teatro eta Ez Dok Hiru ere igaroko dira Zornotza Aretotik.

24 urteko ibilbidearen ostean, Zornotza Aretoak eskaintzen dituen ikuskizunen ordutegiak aldatzea erabaki du, gizarteko ohitura berrietara egokituz. Horrela, ikus-entzule guztiei eta helduei zuzendutako ikuskizunak 20.15ean hasiko dira (ostegun, ostiral eta larunbatetan, batez ere), eta bereziki umeei zuzendutakoak larunbatetan, 18.00etan.

Musika eta zinea

Bestalde, musika programazioaren barruan, Zornotza Aretoak bere egitarauan sartuko ditu urtarrilean eta apirilean Zelaieta zentroan egingo diren 'Tritzak' eta 'Terra da fraternidade' kontzertuak.

Halaber, datozen hiletan, Zornotza Aretoak Kine zine klubak antolatutako hiru zine ziklo eskainiko ditu. Lehenengoa 'Euskolabel zikloa' izango da, eta euskal artistek zuzendutako eta ekoitzitako hiru filmek osatuko dute: 'Iritziaren oihartzunak', 'Pedaló' eta 'Verabredung'.

Bigarren zikloa otsailean izango da, 'Nagusi egitea eta beste arazo batzuk' izenburupean, eta hirugarrena, 'Femeninoan zikloa' izenburukoa, martxoan izango da. Zikloetako film guztiak astearteetan eskainiko dira, 20.15ean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos