http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantza eta kantu tradizionala, Canpos Antzokian

AIKO taldeak 'Dantzaldi Ibiltaria' ekimena jarriko du martxan Bilboko antzokian

JAN ECHEVARRÍA

Dantza eta kantu tradizionalari zabalduko dizkio ateak Bilboko Campos Eliseos Antzokiak ikasturte honetan. Euskal Herriko dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen eta musikariz eta dantza maisuz osatuta dagoen AIKO taldeak 'Dantzari ibiltaria' jarriko du martxan Bizkaiko hiriburuko antzokian, metodologia propioa duen prestakuntza ekimena, gure dantza tradizionalak modu naturalean, pixkanaka eta era dibertigarrian ikasteko aukera emango duena. Taldearen filosofia «dantza egiteko behar den gauza bakarra gogoa dela» aldarrikatzen du eta azken hamarkadan 4.000 pertsona baino gehiago igaro dira antolatu dituen tailer eta ikastaroetatik.

Eta ikastaro gehiago izango dira. Hain zuzen, Bilbon, dantza ikastaroa urriaren 2an, astelehenean, hasiko da, oinarrizko mailako klaseekin arratsaldeko 18:00etatik 19:30era, eta maila aurreratukoekin 19:30etik 21:00etara. Campos Antzokiko Kupula Aretoak astelehen guztietan, ekainaren 18ra arte, jasoko du ekimena.

Dantza egiteko gogoa duten pertsonentzat zabalik dauden dantza klaseez gain, taldeak kantu klaseak ere antolatu ditu ikasturte honetarako. Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan espezialista handia den Itsaso Arrietak eskainiko du partaideei Euskal Herriko txoko guztietako melodia tradizionalak ezagutzeko eta interpretatzeko aukera eskainiko dien ikastaroa. Inor bi ikastaroez gozatzeko aukerarik gabe geratu ez dadin, dantza ikastaroak bi txandatan eskainiko dira astelehen guztietan, 18:30etik 19:30era eta 19:30etik 20:30era. Horrek bi ikastaroak konbinatzeko aukera eskainiko du.

Bilbon egiteaz gain, Dantzaldi Ibiltaria Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Galdakaon, Durangon, Gernika-Lumon, eta Markina-Xemeinen ere gauzatuko da urritik ekainera. Leku horietan guztietan, klaseak doakoak izango dira urri osoan. Ate irekiko klaseak dira, ikasleei ekimen horrekin lehenengo kontaktua izateko aukera eskaintzeko. Ondoren, nahi dutenek, klaseekin jarraitu ahal izango dute ikasturte osoan. Ikastaroak bi mailatan eskainiko dira, hastapena eta hobekuntza, aurretiazko ezagutzak, edo horien falta, ez daitezen izena emateko oztopo izan. Beraz, ez ezazue pentsa eta anima zaitezte dantza ikastaro hauetan parte hartzera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos