http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Cocolab jardunaldiaren IV. edizioak 100 pertsonatik gora bilduko ditu Gasteizen

Albert Cañigueralek, Penintsulan kolaborazioaren ekonomiaren erreferentzietako bat denak, lankidetzan diharduten hiriek nola hobetzen duten lehiakortasuna azalduko du

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak antolaturik, Coworking eta Lankidetzari buruzko IV. Jardunaldiak 100 pertsonatik gora bilduko ditu urriaren 17an Europa jauregian. Lankidetzazko ekonomia berria gizartea nola aldatzen ari den aztertuko dute, proiektu eta espazio berriak zein negozio aukera berritzaileak sortzen ari baita, hirien lehiakortasuna handitzen dutenak. Hain zuzen ere, Albert Cañigueral aditu katalanak itxiko du topaketa, lankidetzan diharduten hiri eta lurraldeez duen ikuspegia azalduz. Horretaz gain, jardunaldiak lau esperientzia-panel hartuko ditu, lankidetzazko inguruneek hainbat alorretan duten eragina aztertzeko: talentua erakartzea, berrikuntza, sorkuntza eta negozioak.

Cocolab 2017 jardunaldiak —iparraldean topaketa horien erreferente bihurtu da dagoeneko— “Ideiak eta lankidetza sare berriak sukaldatzen” izenburua du aurten. Hasteko, Future for Work Institute-ren sortzaile Jordi Serranok hitz egingo du; erakunde hori giza baliabideen alorreko joera eta berrikuntzaren behatoki independentea, ikasteko komunitatea eta ‘think tank’-a da. “El ocaso del empleo. Cómo sobrevivir al futuro del trabajo” liburuaren egilea da, eta “El futuro del trabajo” (blog.futurodeltrabajo.com) bloga darama. Ekonomia partekatua lanaren azken muga ote den azalduko du Serranok.

Ondoren, lau paneletan, lankidetzazko inguruneek eta filosofiak hainbat alorretan duten eragina erakutsiko da benetako esperientzien bidez: talentua erakartzea, berrikuntza, sorkuntza eta negozioak. Europa jauregiko Green aretotik Bizkaia Talent-en zuzendari kudeatzaile Iván Jiménez eta Ikerbasqueko kudeatzaile Iñigo Atxutegi igaroko dira, bi erakunde horiek baitira aktiboenak Euskadira talentua erakartzen; munduko edozein lekutatik lan egiten duten pertsonei laguntzen dien remoters.net web-orriaren sortzaileetako bat ere izango da bertan.

Berrikuntza eta lankidetzaren alorrean Bitamine Faktoria —mugaz gaindiko sorkuntza kulturaleko fabrika, Irunen kokatua—, Eiken-Euskadiko ikus-entzunezkoen klusterra eta NER taldea —harreman estilo berri batek batzen dituen enpresen elkartea— aurkeztuko dira. Lankidetza eta negozioei buruzko panelean hauek hartuko dute parte: Rafa de Ramón, Utopic US-koa, Espainian coworking espazioak sortzen aitzindarietako bat; Esther Guerrero, Unicef-eko korporazio aliantzen arduraduna, eta Teresa Tejero eta Fernando Presa, Ondoan eta Hirisens enpresetakoak, zeinek lankidetzazko proiektu bat sortu baitute berriki ingurumenaren alorrean.

Eguneko azken panela lankidetza eta sorkuntzari buruzko izango da, eta esperientzia hauek azalduko dira: La Noria, Málagako lankidetzazko berrikuntza sozialerako zentroa; Tania Santos portugaldarra, Oportoko Cru Cowork-en arduraduna, eta Sandra Soler, Madrileko La Manual coworking espazio tematikoko kidea.

Gasteizko coworkerren arteko solasaldia

Orobat, solasaldi irekia izango da Gasteizen lankidetzan ari diren pertsonekin eta coworkerrekin, kolaborazioaren ekonomiak gure lurraldean egindako aurrerapenaz hitz egiteko. Enpresa-proiektu berrien eta Kolaborazioaren Zuzenbideko elkartearen ordezkariek beren ikuspegia partekatuko dute bertaratuekin.

Arratsaldeko saioan, lantegi irekia egingo da, talde lana sustatzeko eta beste batzuekin lan egitea eragozten duten ohiko mugak gainditzen ikasteko.

Azkenik, Albert Cañigueralek amaierako hitzaldia emango du, lankidetzan diharduten hiriak eta lankidetzak lurraldeen lehiakortasuna hobetzeko duen garrantzia hizpide. Albert Cañigueral OuiShare-ko konektorea da Espainia eta Latinoamerikarako. 2011n ConsumoColaborativo bloga sortu zuen, zeina geroztik kolaborazioaren ekonomiaren gaztelarazko erreferentzietako bat bihurtu baita. Antolakundeak kolaborazioaren ekonomiara egokitzen dihardu dibulgatzaile eta aholkulari gisa. Kolaborazioan oinarritutako hiriak eta araudietako berrikuntzak ere aztertzen ari da. “Vivir mejor con menos” idatzi du, baita “Retos y posibilidades de la economía colaborativa en América Latina y el Caribe” ere, beste batzuekin batera.

Bukatzeko, parte-hartzaileek lankidetzaren azken errezeta landuko dute elkarrekin, ondorioak partekatzeko saioan. Nahi dutenek edozein gizarte etxetan eman dezakete izena, edo Udalaren web-orriaren bidez.

Fotos

Vídeos