http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Chema Madoz: argazkilari oso literario bat

Chema Madoz-en erakusketa Donostian izan da ikusgai./ÓSCAR SOLORZANO
Chema Madoz-en erakusketa Donostian izan da ikusgai. / ÓSCAR SOLORZANO

‘Ars combinatoria’ izeneko erakusketa ikusgai izan da Tabakaleran uztailetik azarora bitartean

JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Chema Madoz argazkilaria Madrilen jaio zen 1958an, José María Rodríguez Madoz izenarekin. Ama nafarra zuen, eta haren abizena baliatu zuen bere izen artistikoa osatzeko. 'Obras maestras' (La Fábrica, 2017, 4. argitaraldia) argazki-liburuan kontatzen duenez, txikitan abenturetako liburuen irakurlea zen, eta harrituta geratzen zen hizkuntzak daukan irudiak sortzeko ahalmenarekin. Aitaren banku berean hasi zen lanean mandatu-mutil, baina lan hura ez zuen batere gustuko, eta Historia ikasten hasi zen arratsaldeetan. Hogeita bi urte zituela, 'Centro de Estudios de la Imagen' delakoan ere ikasten hasi zen, gaueko 10etatik 12etara. Han trebatzen omen ziren egunkarietako eta ezkontzetako argazkilariak. Garai hartan, Madozek berak aitortzen duenez, argazkigintzak ez zuen inolako garrantzirik arte zirkuituetan, zerbait praktiko gisa ulertzen zen, eta ez arte moduan. Perspektiba jolasetan eta errealitatea itxuraldatzen duten beste teknika batzuetan interesatzen hasi zen, eta haiek praktikan jartzen.

Hogeita hamar urterekin kritikaren arreta erakarri zuen lehen aldiz. Handik gutxira, kaleko argazkietatik estudiokoetara pasatu zen, eta hasi zen objektuak bakarrik fotografiatzen. Zakarrontziak arakatzen zituen eta rastro guztietara joaten zen era guztietako objektuen bila, gero ikuspuntu berezietatik erreparatzeko. Bi urte geroago sortu zuen lan egiteko modu bat famatu egin duena, prozedura artistiko bat identifikagarri bihurtu duena, eta geroztik prozedura hori finduz joan da, erakusketarik erakusketa, gaur egun daukan ospea bildu arte.

«Argazki perfektu bakoitza egin eta gero, instalazioa desagertu egiten da, ez da gehiago existitzen»

Hogeita hamazazpi urterekin argazkigintzaren abangoardiaren kanonean sartu zuten, beste dozena erdi argazkilarirekin batera (Manel Esclusa, Joan Fontcuberta, Cristina García Rodero, besteak beste). Orduan argitaratu zuen bere lehen monografia, 'Chema Madoz (1985-1995)' (Art-Plus, 1995) eta Joan Brossa poeta bisuala ezagutu zuen pertsonalki.

«Eskultorea izan zitekeen, baina argazkilari izatea aukeratu du»

Laster iritsi ziren aitortzak eta sariak: Reina Sofía Museo eta Arte Zentroak bizirik dagoen argazkilari bati eskainitako lehen atzerabegirakoa eskaini zion Chema Madozi, 1999an (argazkigintza artistikoan hasi eta zazpi urtera bakarrik), eta hurrengo urtean, 2000n, argazkigintzako Sari Nazionala eman zioten.

«Objektuetan beste inork ikusi ez dituen gauzak ikusten ditu, eta testuinguru berriak sortzen ditu, harridura eragiteraino»

2011n 'Ars combinatoria' erakusketa aurkeztu zuen Rotterdamen (Donostiako Tabakaleran aurtengo azaroaren hasiera arte ikusgai izan den berbera), eta nazioarteko itzala irabazten hasi zen.

Madoz argazkilari berezi egiten duen lan prozedura da haren argazkiek ez dutela mundu errealaren berri ematen. Madozek berak sortzen ditu mundu berriak, gero haien argazki zehatzak egiteko. Horrek esan nahi du Chema Madoz, argazkilari baino lehen (lan prozeduraren ordenari jarraituta), instalazio-egilea dela, ia eskultorea. Baina -eta 'baina' hau oso inportantea da- argazkiak bakarrik erakusten ditu. Argazki perfektu bakoitza egin eta gero, instalazioa desagertu egiten da, ez da gehiago existitzen, artistaren lantegiko biltegiren batean ez bada. Eskultorea izan zitekeen, baina argazkilari izatea aukeratu du.

Zuribeltzean

Teknikaren aldetik, berriz, zuri-beltzezko argazkigintza aukeratu du Madozek, kasu bakoitzean argiztapenik egokiena aukeratzen duela. Argazki-pelikula fotosentsiblea erabiltzen du, eta era tradizionalean positibatzen du, gehienetan baritazturiko paper gainean eta sulfurozko biratua eginda, argazkiei sepia koloreko tonua emateko.

Kritikaren esanetan, Madozen argazkigintza «kontzeptuala» da; bestalde, errealitatearen manipulazioaren gainean lan egiten duen aldetik, zenbait kritikok surrealistatzat ere hartu dute, eta Duchamp, Magritte, Carelman eta Man Ray-ren tradizioan kokatu. Bi ikuspegiok, kontrakoa badirudi ere, bateragarriak dira, eta batu ere egin ziren Joan Brossa poeta katalanarekin eta haren poesia bisualarekin egindako kolaborazioan: 1996an, Brossak berak proposatu zion lankidetza-proiektuan, Madozen hamabi argazki egin behar zituen eta poetak beste hain- beste poema sortuko zituen argazkiek iradokitakoaren arabera. Liburua laster amaitu zuten, baina 2003ra arte ez zen argitaratu, Joan Brossa zendu eta bost urtera.

Ironia

Ez zen hori izan Chema Madozek literaturarekin izandako lehen harremana. Izatez, idazlearenaren oso antzeko lan prozedura dauka. Madozek begirada dibergentea darabil; objektuetan beste inork ikusi ez dituen gauzak ikusten ditu, eta testuinguru berriak sortzen ditu, harridura eragiteraino. Bere argazkietan ironia baliatzen du, antinomia ere bai, eta esanahien desplazamenduak, literaturan metonimiak eta metaforak egiten duten bezala. Gainera, argazki bakoitza eta argazki sail bakoitza erronka intelektual txiki bat da; igarkizun bisualak direla esan liteke, hieroglifiko modukoak. Hasieran aipatutako liburuan, Duane Michals argazkilari famatuak honela definitzen du Madoz: «Su ingenio me tiene asombrado y entusiasmado. Sin duda debe de ser el hijo nonato de Borges». Horregatik beharbada, ez da kasualitatea Madozek idazle argentinarraren hainbat liburutako azalak diseinatu izana: 'El libro de arena', 'Ficciones', 'El informe de Brodie', 'Poesía completa'… Artearen eta literaturaren arteko harremanak ez dira batere harrigarriak; gogoratu, adibidez, Charles Baudelaire poeta sinbolista bera margolaria ere bazela, eta hainbat saiakera idatzi zituela arteari buruz. Argazkiren bat abiapuntu duten narrazioak ere ez dira ezohikoak, eta euskaraz ere hainbat idazle aritu da horretan: Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Patxi Zubizarreta adibidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos