http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Célineren paperak

Frantzian badute idazle madarikatu ezagun bat, Louis-Ferdinand Céline, antisemita porrokatua eta nazien aldekoa

Célineren 50. urteurrenean egindako erakusketa./Afp
Célineren 50. urteurrenean egindako erakusketa. / Afp
ARITZ GORROTXATEGI

Duela ia bi urte idazle madarikatuei buruzko kontu batekin nentorren zutabe honetara. Hamsun nuen hizpide orduan. Ezagun da nazismoaren zale porrokatua izan zela, eta Hitlerrekin elkarrizketa bat ere izan zuela. Hamsun idolo bat zen, mundu mailan miretsitako idazle bat, baina nazien alde jarri izanak bere literatur ibilbidea zikindu zuen betiko, baita bere bizitza pertsonala ere. Norvegiarrek uko egin zioten, erre egin zituzten haren lanak, eta bere herrialdean apenas dagoen gaur haren izena daraman kale edo plazarik. Labur esanda, idazle izurritsu bat zen. Batak ez duela bestea kentzen, dio esaera zaharrak, eta duela ia hamar urte haren omenezko gune bat inauguratu zuten Norvegian, haren jaiotzaren 150. urteurrena zela eta. Mette-Marit printzesak inauguratu zuen gunea, eta, hortaz, pentsa daiteke, babes ofizial halako bat eman zitzaiola idazleari. Halako bat, diot, ez baitzaizkio besoak zabal-zabal eskaini. Babesa, batez ere haren lanari eman zaio, ez idazleari berari. Ibsenen atzetik, norvegiar idazlerik ezagunena da, eta, bitxiki, Hamsunen nobeletan ez da nazismoaz hitz egiten, ezta kontu politikoez ere. Baina zaila da idazlea eta lana banatzea.

Antzeko zerbait gertatu da Frantzian. Gure bizilagunek badute beste idazle madarikatu ezagun bat, Louis-Ferdinand Céline, antisemita porrokatua eta nazien aldekoa hura ere. 'Gauaren muturrerainoko bidaia' nobela berritzailea argitaratu zuen 1932an, Ferdinand Bardamu pertsonaia alter ego modukoa ardatz duena. Ezkortasuna eta zinismoa dira nagusi nobelan, eta sistema koloniala irrigarri uzten du. Beste zenbait nobela ere idatzi zituen, horien artean 'Mort à crédit' edo 'Normance', baina judutarren aurkako panfleto gogorrak ere idatzi zituen. Frantzian Gallimard etxeak argitara eman nahi zituen panfleto horiek edizio kritiko batean, baina jasotako presioen ondorioz, bertan behera utzi du egitasmoa.

Hamsunen kasuan ez bezala, Célinek ez du agintari ofizialen babesik jaso. Argitaratu behar al dira horrelakoak? Zer egin ideologia ankerren aldeko hautua egin zuten idazleekin? Izan ere, hor dago koska. Egile batzuk higuingarriak egiten zaizkigu beren pentsamoldea dela eta, baina obra eta pentsamolde hori ez datoz beti bat. Hamsunek eta Célinek ez zituzten soilik judutarren aurkako edo nazien aldeko lanak idatzi. Auzi horrekin zerikusirik ez zuten lanak idatzi zituzten kasu askotan, zeinetan haien ezkortasuna adierazi zuten. Bizi gaitezke panfleto antisemita horiek gabe? Argitaratzen ez badira ere, Célineren literaturaz goza dezakegu oraindik. Are gehiago, Célinek berak ez zituen bigarrenez argitaratu nahi izan bizi izan zen artean -tira, Max Brodek ere uko egin zion Kafkaren lanak erretzeari-. Baina, era berean, zergatik debekatu argitalpena? Célinek idatzi zituen, haren eskutik atera ziren. Egilearengana modu osoagoan hurbiltzeko bide bat da. Badakit hainbat eta hainbat irainduta sentituko direla, eta arrazoiarekin gainera. Baina Célinek hori pentsatzen zuen; ezin dugu hori aldatu, Holokaustoarekin gertatu zen guztia aldatu ezin dugun bezala. Gertatu egin zen, eta garai haren lekukotasuna ere badira Célineren idatziak, eta gertatu zena zergatik gertatu zen ulertzen lagun diezagukete. Zergatik eta nola gertatu zen ikusita, errazago saihestuko dugu etorkizunean horrelakoak errepikatzea. Gainera, errazkerian erortzea da nazi, antisemita, eta '-ismo' edo '-keria' gaitzesgarri guztien jarraitzaileak munstro bihurtzea. Hannah Arendtek Eichmannen kasuarekin frogatu zuen bezala, hainbatetan gizaki arruntak egon ziren milaka eta milaka heriotzaren atzetik. Eta denak ez ziren naziak.

Bestalde, nahikoa da zerbait debekatzea hura desiragarriagoa bihurtzeko. Nahiz eta kasu honetan, zalantzan jartzen dudan liburu batek gauzak alda ditzakeenik. Mirakulua litzateke. Izan ere, polemikarekin edo gabe, esango nuke jendearen gehiengoak liburu arin eta atseginagoak irakurtzeko joera duela gaur egun. Eta bizi gaituen informazio eta mezu tsunami honetan ez dirudi liburu bat horren arriskutsua izan daitekeenik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos