http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Castaños auzoa Bilboko 'lehen ingurune lasaia' izateko lanak uztailean amaituko dira

Castaños auzoa Bilboko 'lehen ingurune lasai' bihurtzeko egiten ari diren lanetan izan da aste honetan Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotzia, eta lanak uztail honetan bertan amaituko direla jakinarazi du.

«Europako beste hiri batzuetan dagoeneko abian jarri duten ekimen honekin, auzoa inguru lasaiago eta baketsuagoa izatea lortu nahi da, non bizilagunek eguneroko bizimoduari aurre egin ahal izango dioten trafikoaren presioa jasan gabe», esan du Gilek.

Auzo bat ingurune lasai bihurtzeak esan nahi du inguru atseginagoa eta lasaiagoa sortzea, non bizilagunek eguneroko bizimodua egin dezaketen trafikoaren presiorik gabe. Horregatik, auzotik ibiliko diren ibilgailuek ezingo dute 30 km/h abiadura gainditu.

Castaños ingurune lasai bihurtzeko proiektuak hainbat fase izan ditu eta guztietan hiritarren parte hartzea bultzatu nahi izan dela adierazi du Bilboko Udalak. Castaños auzoko bizilagunek tailer informatiboetan parte hartzeko eta auzoan dituzten mugikortasun arazoak azaltzeko aukera izan dute, konponbideak aurkitu ahal izateko. Horrela, auzoko bizilagunen 256 ekarpen jaso dira.

Hainbat eskaera egin dituzte: kaleak asfaltatzea, espaloiak zabaltzea eta bertako oztopoak ezabatzea, edukiontziak lekuz aldatzea, zoru ez labaingarria jartzea, autobus geltokietan oinezkoari lehentasuna ematea txirrindulariaren aurretik edo anbulatoriora joateko eskailera mekanikoak jartzea.

Burututako ekintzak eta egindako lanak honakoak dira: abiadura murrizteko europar kuxinak eta oinezkoentzat pasabide berriak jartzea (Campo Volantinen eta Uriortu Kalea eta Tiboli kalearen ondoan); oinezkoentzako pasabideak igotzea; espaloiak zabaltzea Tiboli 12an eta Tristan de Legizamonen; oinezkoentzako informazio seinale berriak jartzea; autobus geltokietan markesinak eta informazio terminalak instalatzea eta horietako batzuk aldatzea.

Aldaketa handienetako bat izango da bidegorria desbideratzea Campo Volantineko autobus geltokitik, markesinaren atzetik, autobus erabiltzaileen eta txirrindularien arteko leku gatazkatsua saihesteko.

Sarrerak behar bezala seinaleztatuta

Bestalde, norabide lehentasuna aldatu egin da Tristan de Legizamon eta Epalzan, eta hotelak Fontecha eta Salazar kalean zuen aparkatzeko erreserbetako bat kendu egin da. Gainera, zama lanak egiteko aparkatzeko erreserba lekuz aldatu da Castaños kaletik Funikular plazara, oinezkoentzako pasabidean ondo ikustea eragozten zuelako.

Halaber, ekintzen zerrendan daude txirrindularien eta oinezkoen guneak banatzea Unibertsitate etorbidean, Aita Arrupe pasabidearen parean; Funikular plazan oinezkoentzako oharpen seinaleak jartzea, garajeetara sartzen diren ibilgailuak direla eta; Campo Volantineko bidegorrian abiadura mugatzeko eta oinezkoentzako pasabidea dagoela ohartarazten duten seinaleak jartzea.

Gainera, ingurune lasairako sarrerak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta gunean bertan errepidean bizikletak egon daitezkeela ohartaraziko da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos