http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Carlos Zapatero: «Gasteiz Euskadiko hiriburu seguruena da»

SERGIO EGUÍA

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok Udaltzaingoak egunero egiten duen lan bikaina goraipatu du, horri esker Gasteiz Euskadiko hiriburu seguruena bihurtu baita, hots, delitu-tasa txikienekoa. Aingeru Zaindarien eguna ospatzeko Agirrelandan antolatutako ekitaldietan egin duen hitzaldian nabarmendu du Zapaterok poliziaren lana.

Udal buruzagi eta agenteek, talde politiko eta erakundeen ordezkariek, beste segurtasun indar eta kidegoetako kideek eta epailetzako kideek osatutako entzuleriaren aurrean, Herritarren Segurtasunaren zinegotziak zorionak eman dizkio Udaltzaingoari, “gasteiztarren segurtasunaren bermea baita, eta estatu demokratiko ororen oinarrizko zutabe diren eskubide eta askatasunen defendatzailea”.

“Gasteiz hiri segurua egin duzue, eta hori ez litzateke posible izango zuen konpromisorik eta sakrifiziorako eta zerbitzurako espiriturik gabe. Ez litzateke posible izango zuetako bakoitzak lanean duzuen profesionaltasunik gabe”, eskertu du Zapaterok, eta esku-hartze “eredugarriak” nabarmendu ditu, hala nola droga-landaketen suntsiketa, genero-indarkeriaren kontrako borroka edo Andre Maria Zuriaren jaietako antolakuntza berezia, “horri esker Zeledonen jaitsieran beira desagerraraztea lortu baitugu, eta zaurituak eragoztea”.

Bere sailaren kudeaketari dagokionez, Zapaterok aipatu du “ahalegin handia egiten ari” direla “gure polizia gero eta modernoagoa izan dadin eta bitarteko hobeak eduki ditzan, zerbitzu publikorik onena ematearren”.

Besteak beste, ibilgailuen flota berritu izana nabarmendu du zinegotziak, eta laster 32 agente berri sartuko direla Arkautiko Akademian prestakuntza osatzera, zeinak datorren urteko udaberrirako kalean praktikak egiten arituko baitira. “Laguntza garrantzitsua izango da zerbitzu guztiak betetzeko ahalegin handia egiten ari den plantilla batentzat. Eta halaxe aitortu nahi dut publikoki. Eskerrik asko. Arduradun politikoa naizen aldetik, promozio horri lehenbailehen beste batek jarraitzea da nire asmoa”.

Carlos Zapaterok, halaber, Udaltzaingoaren eta beste segurtasun kidego batzuen arteko koordinazioa azpimarratu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie “Udaltzaingoko agente guztien eta bakoitzaren familiei, badakidalako haien sostengua eta ulermena funtsezkoak direla gure poliziek hiriari zerbitzu ona eman diezaioten”.

Hitzaldiaren ondoren, diplomak banatu zaizkie azken urtean erretiroa hartu duten agenteei eta zerbitzuan 30 urte baino gehiago daramaten langileei. Orobat aipamen eta esker berezia egin zaie Iruñeko udaltzainei, Andre Maria Zuriaren jaietako segurtasun antolaketa diseinatzen laguntzeagatik.

Fotos

Vídeos