Borrar
Virginia Díaz, ‘Cachitos de Ferro y Cromo’ programaren aurkezlea. EL CORREO
cachiños de ferrokromo

cachiños de ferrokromo

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 20 de noviembre 2017, 01:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bost denboraldi pasa ostean, ‘Cachitos de Hierro y Cromo’ telebista saioan txoko bat aurkitu zuten euskaraz, katalanez, galegoz eta gainerako hizkuntz gutxituetan abestu dutenentzat.

Ohikoa denez Telebista Publikoa bere artxibo erraldoi bezain oparoaz baliatu zen nahiko eskaintza atsegingarria ematearren. Katalanez abestu zutenen artean, Lluis Llach, Raimon, Sisa, Pau Riva, Maria del Mar Bonet, Joan Manuel Serrat eta ‘Nova Cançon’ sarturik daudenak ez ezik, azken garaietako izen ospetsuak agertu ziren -Sílvia Pérez Cruz, Maria Font, Els Pets, Sau eta abar-.

Galegoz kantatzen dutenen zerrendan Fuxan Os Ventos, Los Tamara, Os Resentidos eta Ana Kiro, besteak beste, izan ziren aukeratuak. Euskaraz abesten agertu zirenen zerrenda ere nahiko luzea izan zen: Mikel Laboa, Imanol, Oskorri, Kontrapuntoak, M-ak, Zarama, Berri Txarrak, Zea Mays...

Gainerako hizkuntzen ordezkariak ia anekdotikoak suertatu ziren: Berrones, Nuberu eta Víctor Manuel asturieraz eta Mallacán taldea aragoieraz hain zuzen. Ez ziren falta programan usuak diren harribitxiak, batik bat Ruper Ordorika Manolo Garciarekin oholtza partekatzen, Luis Aguilé katalanez abesten, Mocedades eta Sergio y Estibaliz euskaraz edo Julio Iglesias eta Juan Pardo galegoz.

Oso esanguratsua suertatu zen hainbat arlotan, emanaldi hau. Normalean aukeratzen diren ‘prime timeko’ antzinako programak ez ziren apenas ikusgai. Valerio Lazarovek zuzentzen zituen larunbateko ‘zoomak’ edo gabon zaharreko ikuskizunek ez dute, antza, tarte handirik izan mintzaira minorizatuentzat. Horrelako artistak bilatzeko orduan oso izen ezezagunen izenburuetara jo behar izan dute: ‘Tele Ritmo’, ‘La Noche Abierta’, ‘A Media Voz’, ‘Musica Tres’, ‘La Buena Música’, ‘Tu y Yo y Los Demás’ tankerako eskaintzak nagusi ziren. ‘Tocata’, ‘Aplauso’ eta gainontzeko musika-saio mitikoak ez ziren inondik ere agertzen. Ohikoak ziren, baita ere, eskualdeko zentroetan egindako produkzioak.

Euskal musikari dagokionez deigarria da Benito Lertxundi, Xabier Lete, Itoiz edo Kortatu bezalako izenak ez agertzea, nahiz eta azken hauek ‘Sarri Sarri’ kantuari buruzko iruzkin bat egiteko aipatuak izan: «Batzuetan artista hauek lortu dute denok lelo bat abestea, hitzak zertaz ari ziren jakin gabe».

Hala eta guztiz ere, nahiko emanaldi erakargarria lortu zuten egitea eta alde onen artean, ezbairik ez, Virginia Díaz, aurkezlearen joera. Jatorrizko hizkuntzetan zenbait aurkezpen egitera ausartu zen eta egia esan, txalogarria iruditu zitzaidan ahoskera egokia erabiltzeko ahalegina. Denok buruan ditugun agintari politiko askok -bertoko batzuk barne- eredutzat hartu beharko lukete. Benetako borondatea izanez gero, ez luke horren zaila izan behar bi esaldi ziztrin ahoskatzeko orduan barregarri ez geratzea.

Horrexegatik, hain zuzen, penagarria da, era berean, izenburuarekin asmatu ez izana: ‘Cachiños de Ferro eta Kromoak’ askoz hobe legoke ‘Cachiños de Ferro eta Kromo’ bakarrik izango balitz, baina agian, norbaitek ez zuen xelebrekeria bat sartzeko aukera galdu nahi.

Gainontzean, eta akatsak akats, saio osoa ikusi ostean, ordezkari euskaldunen joera azpimarratzeko modukoa iruditu zitzaidan. Horren hiztun gutxi duen hizkuntza oso eskaintza moderno eta jantzia emateko gai izan da. Egun batez bederen, eta inori gutxiespen egin barik, harro senti gaitezen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios