http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bosteko 2017 erakusketak Bizkaian hezitako hiru artistaren lanak eramango ditu lurraldeko bost herritara

Damaris Pan, Usoa Fullaondo eta Tasio Ardanazk beraien dohaiak erakutsiko dituzte Basauri, Leioa eta Arrigorriagan

IZASKUN MOYANO

Bizkaiko Foru Aldundiak Bosteko erakusketa ibiltariaren 20. edizioa antolatu du, Basauri, Leioa, Arrigorriaga, Zornotza eta Getxoko bost erakusketa aretorekin batera koordinatuta. Aurtengo edizioko komisarioa Iker Serrano Robles da, eta hautatutako artistak Damaris Pan (Mallabia, 1983), Usoa Fullaondo (Getxo, 1979) eta Tasio Ardanaz (Iruñea, 1978).

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak hiru artistekin batera egin du aurkezpena ostegun honetan, Bilbon. Foru diputatuaren hitzetan, «Bosteko plataforma interesgarria da Bizkaian hezitako artisten zabalkundea egiteko eta danok izateko haien lanaren berri. Horrela, arte sorkuntza bultzatu nahi dugu Bizkaian, eta gure ehun artistikoa indartu».

'Trantsizio-guneak, pinturaren lurraldeak' da talde erakusketa honen izenburua. Ibiltaria da. Erakusketa aste honetan bertan inauguratu da Zornotzako Zelaieta aretoan, eta ondoren, Arrigorriagako Euskaldun Berrian (urriaren 2tik 22ra), Basauriko Arizko Dorretxean (urriaren 23tik azaroaren 12ra), Leioako Kultur Leioara (azaroaren 13tik abenduaren 8ra) eta Getxoko Torrenera (abenduaren 9tik 31ra) helduko da.

Lurralde piktorikoa

«Gune aldakorrak, lurralde piktorikoak», hori da Euskadiren alde artistikoa azaltzen duen aurtengo erakusketaren leloa. Figuratiboa eta abstraktoaren artean jolasten den gune piktorikoa, azken elementu hau pertsonaia gisa haragituz.

Bosteko 2017k arte garaikidearengana hurbiltzen gaitu, oleo, papera, lientzo zein akrilikoa bezalako materialak erabiliz.

Fotos

Vídeos