http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'La Manada': BOST BORTXATZAILE ZINTZO

Iruñean talde-bortxaketa bat dela eta gertatu den epaiketaren harian, asko harritu gara erasotzaileen defentsaren abokatuek esandakoa entzuterakoan

'La Manada', Iruñean./Sare Sozialak
'La Manada', Iruñean. / Sare Sozialak
ARANTXA URRETABIZKAIA

Zinemak eta batez ere Estatu Batuetan egindako telesailek irakatsi digute epaiketaz dakigun gehiena. Hango epaiketez, hemengoak ez baitira, erabat, hangoak bezalakoak. Baina tira, epaimahai izateko aukera izan dugunerako, bagenekien zeintzuk ziren epaimahaikideen atakak eta eginbeharrak. Sekula epaitegi batean sartu ez denak ere badaki guztiok dugula, epailearen aurrean, defendatzaile bat izateko eskubidea eta defendatzaile horrek nahi adina txorakeria esan dezakeela, betiere salatuaren onetan.

Eta, halere, udazkenaren bukaera honetan Iruñean talde-bortxaketa bat dela-eta gertatu den epaiketaren harian, asko harritu gara erasotzaileen defentsaren abokatuek esandakoa entzuterakoan. Ai ene, ze bazterreko lekua eskaintzen dion gizarteak emakume bati, zer nolako zentralitatea duten gizonek, are berdintasunaren ikurra altxatzen duela uste duen mundu bazter honetan.

Bost gizon gaztek, elkarrekin sexu harremanak izan ahal izateko, bitartekari bat behar dute. Ez zaie binako sexu harremana interesatzen, gizonen arteko harremana da benetan pizten dituena. Grina hori nabarmendu ez dadin, bitartekari bat behar dute eta horixe da San Fermin gau batean Gazteluko plazan lortu zutena, elkarren zakilak dantzatzeko zurigarri bat.

Abokatuek lehenik, bortxatzaileek ondoren, esan dute neskak horixe nahi zuela, gizonen arteko sexu harreman baten babesle izan nahi zuela, minak min. Itxura guztien arabera, abokatuek sinetsi egiten dute esandakoa, benetan.

Sinetsi ala ez, abokatu horiek kalte handia egin diote berdintasunari, askorengan hain sendoa den matxismoari hauspoa eskaini diotelako. Emakume guztiok gara susmagarri. Bortxatutako neskak gehiegi edan zuen gau hartan, ez zuen, Nagore Laffagek bezala, ez ezetz dela azpimarratzeko martirien bidea hartu, ez zituen behar adina defendatu zangoak, ahoa eta gainerako sarbideak.

Total, nor da neska gazte bat bost gizonen arteko sexu-trukaketak galarazteko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos