http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Ordenagailuen bahiketak bost bider hazi dira aurten

Gizon bat, nekatuta eta haserre, bere ordenagailuaren aurrean.
Gizon bat, nekatuta eta haserre, bere ordenagailuaren aurrean.

Birus mota honek ordenagailuaren informazioa enkriptatzen du eta erasotzaileek ordainketa eskatzen dute erreskatearen truke. Adituek lehen jarraibidea prebentzioa dela nabarmendu dute

ELCORREO.COM

Segurtasun informatikoaren alorreko aditu ugari izan dira aurten Barakaldoko BECen Euskal Encounterean eta horietako askok partekatu dute euren esperientzia bertara hurbildu den publikoarekin, ohartaraziz, besteak beste, gero eta ohikoagoa dela ordenagailuen bahiketa eta, ondorioz, denok jakin beharko genukeela nola jokatu bahitutako ordenagailua geurea baldin bada.

Euskal Encounterren izan diren segurtasun informatikoko adituek, hain zuzen, ransomware kasuak -ordenagailuen bahiketa, alegia- aurten bost bider hazi direla nabarmendu dute. Birus mota honek ordenagailuaren informazioa enkriptatzen du, eta erasotzaileek ordainketa eskatzen dute erreskatearen truke. Prestakuntzaren eta prebentzioaren garrantzia azpimarratu ondoren, eskatutako diru-ordainketa ez egitea aholkatu dute, eta erasoa zabaltzea ekiditeko ordenagailua lehenbailehen saretik deskonektatzea gomendatu dute. Era berean, salaketa jartzea eta zibersegurtasunean aditua den profesional batekin kontaktuan jartzea aholkatu dute.

Gogoratu behar da, gainera, Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasuneko euskal zentro bat jarriko du martxan irailean horrelako erasoei aurre egiteko. Spriren unitate zentralizatu batetik kudeatuko dituzte kasu hauek, Ertzaintzarekin eta EJIErekin elkarlanean.

Seguridad Profesional enpresako langile eta segurtasun informatikoan ibilbide luzea duen profesional Daniel Peñak Euskal Encounterren emandako hitzaldian azaldu duenez, gomendagarria da segurtasunean espezializatutako enpresa batekin lehenbailehen kontaktuan jartzea enkriptatutako informazioa berreskuratzen saiatzeko. Bestalde, xantaian ez erortzea garrantzitsua dela azpimarratu du, nahiz eta eskatzen den erreskatea gero eta merkeagoa izan ordainketa errazteko. Adituen ustez, askotan ez da irtenbiderik aurkitzen eta maiz diru gehiago eskatzen dute. Eskatutako ordainketaren bataz bestekoa 300 eta 500 dolarrekoa da eta, normalean, bitcoinetan egitea eskatzen da, ia arrastorik uzten ez duen kripto-txanponetan.

Emailak eta ustezko eguneratzeak

Pasa den ekainean gertatu zen moduan, eraso hauek 99 herrialdetako 300.000 ordenagailu aldi berean kutsatzera iritsi daitezke, pasa den ekainean gertatu zen moduan. Adituak eraso horien mekanika azaldu du: susmorik pizten ez duen, edota itxura ofiziala duen, email maltzurra iristen da, eta biktimak klik egiten du adierazitako estekan. Webguneren bat bisitatzen kutsatzea ere posible da. Ondoren, ordenagailuaren elementuren bat eguneratzen ari dela simulatzen da, baina egiaz ekipoko informazio guztia enkriptatzen ari da. «Ezer lapurtu gabe, norbaitek gure etxeko kaxoi guztiak kandaduz itxiko balitu bezala da. Eta horiek irekitzeko dirua eskatuko baligu bezala», azaldu du adituak.

Daniel Peñak baieztatu du egun posible dela enkriptatutako informazioa berreskuratzea kasuen %70ean, baina aipatu du birus batzuek, Petyak kasu, ezinezkoa egiten dutela datuak berreskuratzea, baita erasotzaileentzat ere.

Segurtasun informatikoan aditu Aier Garcíak nabarmendu du enpresak eta gizabanakoak eduki susmagarriak ez irekitzearen garrantziaz kontzientzia hartu behar dutela, baita eguneratua dagoen antiburusa edukitzeaz ere. Eta sistema eragile konkretu bat edukitzeagatik salbu daudela uste duten pertsonei, kezkatzeko arrazoia badutela azaldu die, "internetera konektaturiko gailu oro" baitago «arriskuan», Apple, Linux eta smatphoneak barne. «Hackerrek ez dute diskriminaziorik egiten», gehitu du.

Antibirusa eta babestutako segurtasun kopiak izateaz gain, birus hauen aurrean arriskutsuena pertsonen akatsak direla azpimarratu du. Izan ere, enpresa handietan egindako frogek baieztatu dutenez, segurtasun oharrak jaso arren langileen %10k irekitzen du oraindik nabarmenki arriskutsuak diren emailak. «Eta lurrean pendriveak uzten baditugu, jendea egongo da lurretik hartu, 'zein ondo!' esan eta zuzenean ordenagailura konektatuko dituena».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos