http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Borinbizkarrak eta Elexaldek bi jolas eremu naturalizatu izango dituzte

Borinbizkarrak eta Elexaldek bi jolas eremu naturalizatu izango dituzte

240.000 eurotik gorako inbertsioa egingo dute helburu hori lortzeko

SERGIO EGUÍA

Urtaranen gobernuak hirian bi jolas eremu berritzaile eta ingurumen kutsu handikoak sortzeko kontratuak esleitu ditu gaur goizean. Horietako bat Campezo enpresak egingo du, Elexalde inguruan, 123.725,57 euroan. Bestea, Borinbizkarrean kokatzekoa dena, HPC Ibérica enpresari esleitu zaio, 120.000 euroan.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, Elexalden (Zabalgana) jolas eremu berri eta originala sortuko du Udalak, Tirreniar Itsasoaren kalearen ondoko lursail batean. Jolas eremu berritzailea naturan txertatuta egongo da, eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko teknikariek Estatu Batuetan, Kanadan eta Europako iparraldean garatutako antzeko beste ekimen batzuk hartu dituzte aintzat. Tokiko Gobernu Batzarrak lanak —129.555,58 euroko aurrekontua zuten, BEZa barne— Campezo enpresari esleitzea erabaki du gaur goizean, 123.725,57 euroan. Lan horiek egiteko epea bi hilabete izango da.

Proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta azken urteetan Gasteizen —bereziki Lakuabizkarrean— garatzen ari den hiri-azpiegitura berdearen barruko zenbait ekintzatan ere inspiratu da. Zabalganeko auzo elkarteekin hainbatetan bildu ondoren, jolas eremua ikuspegi horretatik diseinatzea erabaki zen. Horretarako aukeratu den lursaila ez da erabiltzen, eta Zabalgana institutua eraikitzeko indusketetan ateratako landare-lurra metatu da bertan. Material hori aprobetxatu egingo da.

Gasteizko Udalak diseinatu duen proiektuak zirkulu baten inguruan antolatutako zenbait zona ditu; horien erdian soilgune bat izango da, eta bertan jolas konbentzionalagoak jarriko dira. Inguruan lurrezko ‘donut’ moduko bat osatuko da, erdigunea mugatzeko balioko duena, bai eta jolasteko ere (lasterka igo eta jaitsi, bizikletaz zeharkatu, tunelak eta txirristak gehitu…). Eraztun horren kanpoaldean, naturan txertatutako jolas eremu batzuk sortuko dira, inguru “basatiago” batean.

“Lursail horretatik hurbil gero eta biztanle gehiago dago, eta inguru horretako umeek erakinetako arkupeetan jolastu behar zuten orain arte, eta jolas eremu urrunagoetara joan. Hori dela eta, Zabalganeko auzokoek aisialdi eremua eskatu ziguten ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan. Auzoko taldeekin estatuan aitzindaria den alternatiba proiektatu eta garatu dugu, Amerika eta Europa iparraldeko diseinuetan oinarritua, eta integratzailea eta belaunaldien artekoa izatea espero dugu. Umeek naturarekiko harremanean jolastu ahalko dute, beste modu batean”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Jolas eremuaren erdialdean saskibaloirako saskia, futbolean aritzeko bi zutoin eta boleibolerako zutoinak jarriko dira, baina ez era arautuan, asmoa ez baita ohiko kirol espazioa diseinatzea. Lurrezko horma edo ‘donuta’ nahierara zeharkatu ahalko da (bai eta tunel edo txirristen bidez ere) eta lurrezko ziklo-kros zirkuitua ere izango du.

Hormaren kanpoaldean eta hura inguratuz, jolas eremu naturalizatu batzuk jarriko dira. Orotara sei gune izango dira: enbor multzoak haien artean jauzi egiteko, esertzeko eta jauzi egiteko harriak, oreka egiteko zirkuitua, adar etzanez osatua, etab. Zuhaitz eta zuhaixkez inguratuko dira. Hezegune txiki batek osatuko du jolas eremua, helburu pedagogikoa ere izango duena.

Ureztatzeko ihinztagailu handia ipiniko da erdian, zutoin baten gainean. Horren bidez erdiko zirkulua ureztatu ahalko da, eta bertako belarra ere moztuko da. Kanpoaldeko jolas-zirkulua, berriz, naturalizatuz joango da, baso baten antza hartu arte.

Espazio bikoitza Borinbizkarrean

Bestetik, Urtaranen gobernuak 120.000 euro inbertituko ditu Borinbizkarrean jartzekoa den joko-eremu berritzailea diseinatu, hornitu eta instalatzen. Ozeano Barearen kaleko 13.etik 19.era bitarteko etxeen atzeko aldean dagoen espazio bikoitza hartuko du, eta bi zona izango ditu: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua. Borinbizkarra Zabalganarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabiderako sarbideetako batek bereizten ditu bi sektore horiek. Aterpe gisa ere erabili ahal izango da hori euria egiten duen egunetan. Proiektu hori ere ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuko parte da.

Iñaki Prusillak zuzentzen duen Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak landu duen baldintza-agiriaren arabera, lehen zonak, konbentzionalenak, 500 metro koadro izango ditu, eta gutxienez 250 metro koadro segurtasun-materialez zolatuta egongo da. Gainera, zona horren parte bat pasabide batez estalita egongo da, eguraldi txarra egiten duelarik ere erabiltzerik izango dela bermatzeko. Bigarren zonak, naturalizatuenak, 825 metro koadro izango ditu. Gasteizko hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren ildotik —berdeguneak, parkeak eta jolas-lekuak bernaturalizatzea lortu nahi baita horren bitartez—, aire zabaleko espazioek eta naturak berak eskaintzen dituzten abantailak gozatzeko aukera izango dute haurrek. Inguru horretan ez da zoladurarik jarriko; landare-lurra bakarrik. “Espazio libreagoa izango da, irudimena, zentzumenak eta lankidetza sustatuko dituena”, nabarmendu du alkateak.

Jolaserako erabiliko diren egitura, eraikuntza eta elementuei naturaren ahalik eta kutsurik handiena emango zaie eta hiri-baso batean integratuta egongo dira. Enborrak, gabioiak, harria, lurra, hondarra, sokak, birziklatutako materialak eta beste erabiliko dira horretarako. Gainera, banku eta aulkiak, paperontziak, iturri bat eta bizikletak aparkatzekoak jarri beharko ditu bertan enpresa esleipendunak. Argiteria eta ureztatze-sarea ere hobetuko dira.

“Borinbizkarrean joko-eremu bat sortuko dugu ingurua bultzatzeko eta umeei jolasteko aukera bermatzeko asmoz, harremanak, dibertsioa eta ikaskuntza sustatzen baitute. Kasu honetan, gainera, era berezian egingo dugu. Ohiko jolas-eremuaren ondoan espazio naturalizatua izango da, inguru hori jatorrian zen bezalako leku batean jolastu dezaten umeek. Auzoko elkarteekin landu da proiektua, eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” prozesuan hartutako konpromisoa zen. Izan ere, auzokoek aire zabalean jolasteko berariazko zonak eskatzen zizkiguten. Jolas egokituak eta leku estalia ere eskatzen zituzten, eta proiektuaren bidez bi eskaera horiei erantzuten diegu“, adierazi du Gorka Urtaranek.

Fotos

Vídeos