http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaitarrei ondare kulturala hurbiltzeko 300dik gora jarduera izango dira urrian

Nekazaritzako, abeltzaintzako, kostako, ibaietako, hirietako nahiz industria giroetako paisaiak eta paisaia sinbolikoak jorratuko dira jardunaldietan

ELCORREO.COM

Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 17. edizioak 300 jarduera baino gehiago eskainiko ditu urrian zehar Bizkaiko 78 udalerritan, herritarrei ondare kulturala hurbiltzeko xede nagusiarekin. Aurtengo gaia 'Paisaia bizia' da, eta ondarea lurraldearen ikuspuntutik jorratuko da, «lurraldea baita faktore naturalek, ekonomikoek, sozialek eta kulturalek esku hartzen duten hainbat prozesu garatzen diren espazio fisikoa, eta horrek guztiak gaur egun kontenplatzen dugun paisaia sortzen du».

Hala adierazi du aste honetan Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien aurkezpenean. Ekitaldia Bilbon egin zen, eta Unesko Etxeko zuzendari Arantza Atxak eta jardunaldietako komisario Amaia Apraizek eta Ainara Martinezek ere parte hartu zuten. Gainera, jardunaldietan aurten parte hartuko duten instituzio, erakunde eta elkarte publiko eta pribatuetako ordezkariak ere izan dira.

Esan bezala, edizio honetan Bizkaiko 78 udalerrik parte hartuko dute, aurrekoan baino hamar gehiagok, eta horietako 68 udalak izango dira. Horiez gain, ehun erakunde, kolektibo eta elkartek baino gehiagok ere parte hartuko dute. Urrian zehar 300 jarduera baino gehiago egingo dira, eta horien bitartez, herritarrek lurraldeko ondarea hurbiletik ezagutuko dute.

Jardunaldien programaren gauza erakargarrienetakoa da «programatutako jarduerak oso anitzak eta originalak» direla. Horrela, Ondareari buruzko Europako Jardunaldiek eskaintza kultural zabala eskainiko diete herritarrei urrian, bisita gidatuen, hitzaldi eta erakusketen, agerraldien, dastatzeen, antzezpenen, kontzertuen, mahai inguruen, solasaldien eta familiei zuzendutako tailerren bitartez.

'Paisaia bizia' gaiaren barne kokatuko dira jarduera guztiak. Programak 'paisaia' ikuspegi zabal batetik definitu du, hau da, iraganeko gertakarien lekukotza materiala duen gure historiaren agertokia ez ezik, etengabeko eraldaketa bizi duen subjektu aktibo eta dinamikoa ere badela adierazi da. Gai hori programan aurreikusitako gainerako jarduera guztien ardatz nagusia izango da. Gainera, nekazaritzako, abeltzaintzako, kostako, ibaietako, hirietako nahiz industria giroetako paisaiak eta paisaia sinbolikoak ere jorratuko dira jardunaldietan.

Modu honetan, paisaia ikuspuntu klasikoenetik interpretatzeko aukera egongo da kulturaren eta naturaren arteko lotura ikusiz, besteak beste, Urdaibaiko Erreserbara eta Gorbeia, Urkiola eta Armañongo parke naturaletara egin ahal izango diren bisitetan. Horrez gain, ikuspuntu anitzagoetatik ere interpretatu ahal izango da paisaia, besteak beste, burdingintza edo erauzteko industriarekin lotutako paisaia industrializatuak, nekazaritza eremukoak, abeltzaintzakoak eta baso eremukoak, hirikoak, erlijiosoak edota sinbolikoak bisitatuz.

211 bisita gidatu kanpoan, oinez, piraguan edo itsasontzian, 50 bat hitzaldi eta mahai inguru, diziplina ezberdinetako adituekin egingo diren mintegiak, bederatzi erakusketa, ume eta familia osoari zuzendutako 20 tailer, bi kontzertu, ipuin kontalariak, aurkezpenak, dastatzeak, azokak edota ikus-entzunezko proiekzioak izango dira egitarauan.

Temas

Bizkaia

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos