http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaibusek aldaketak egingo ditu zenbait lineatan 2018an, bereziki Enkarterrian

Balmaseda, Zalla, Guenes eta Alonsotegiren kasuan, Gurutzetako Ospitalerako zerbitzuak gehituko dira, eta 14 geraleku berri jarriko dira A0654 Balmaseda-Gurutzeta-EHU linearen gaur egungo ibilbidean

Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak aldaketa batzuk egingo ditu Bizkaibus zerbitzuan 2018. urtean, besteak beste, geraleku berriak eta sei lineatan ordutegien eta ibilbideen aldaketak. Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, «urtero bezala, udalen eta herritarren eskariei jaramon eginda, zilegi diren eta justifikatuta dauden kasuetan zerbitzuak aldatzen edo ezartzen ditugu zerbitzua hobetzeko».

Horrela, esate baterako, Enkarterrian egingo diren aldaketak eskualdea sustatzeko alkateen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean egin diren bileretan planteatu dira. Balmaseda, Zalla, Guenes eta Alonsotegiren kasuan, Gurutzetako Ospitalerako zerbitzuak gehituko dira, eta 14 geraleku berri jarriko dira A0654 Balmaseda-Gurutzeta-EHU linearen gaur egungo ibilbidean, hala joaneko nola itzuliko ibilbidean.

Halaber, Alonsotegin, orain arte A0654 linea Lasaon baino ez zen gelditzen, baina urtarrilaren 1etik aurrera Nuestra Señora de la Guía, Arbuio, Kortatxu, Aldanondo eta Loiben ere geldituko da. Guenesen kasuan, zortzi geraleku gehiago egongo dira, hain zuzen, Arangoitin, Udaletxearen aurrean, Atxurben, Zeribain, Lorgi 42n, Las Jarretasen, Lakabexen eta Lazkaon.

«Geraleku horiek guztiak ezarri dira linea hau erabiltzen duten pertsonen %90aren norakoa Gurutzetako Ospitalea delako. Horregatik, zerbitzua zabaltzea erabaki dugu, udalerri hauetako auzo gehiagotara helduta», azaldu du Reyesek.

Gainera, hamar minutu aurreratuko dira irteerak A3343 Bilbo-Sodupe-Gordexola linean Gordexolatik abiatuta, Zalla eta Balmaseda herriekin konexioak errazteko. Horrela, bi linearen ordutegia koordinatuko da Balmasedako Institutura joaten diren ikasleen beharrizanei erantzuteko eta A0651 Bilbo-Balmaseda linearekin ibilgailu aldaketa egiteko Sodupen itxaroten egin behar diren aldiak murriztuko dira.

Beste aldaketa batzuk

Bestalde, Bakioko Udalak eskatuta, A3517 Bilbo-Derio-Mungia eta A3518 Bilbo-Mungia-Bakio (Autobidez) lineen terminala aldatuko da Bentaldetik Askadako biribilgura, eta Mendexako Udalaren eskariz, 2018ko udako asteburuetako eta jaiegunetako ordutegiak aldatuko dira A3536 Lekeitio-Mendexa linean.

Eta Zaratamoko Udalak egindako eskaerari erantzunez, A3622 Bilbo-Basauri-Artunduaga-San Miguel-Zaratamo linearen ordutegia aldatuko da, Nerbioi Garaia eskualdea eta Galdakaoko Ospitalea konektatzen dituen A3641 linearekin ibilgailu aldaketa egiteko aukera emateko.

Azkenik, Lekeitioko Udalak herriko biztanleak Bilbora joateko behar duten denbora murrizteko egindako eskaerak betez, Ondarroatik Bilbora arteko ibilbidea egiten duten zuzeneko zerbitzuen ordutegiak aldatuko dira. Hain zuzen, urtarriletik aurrera, autobusak 06:30ean eta 07:30ean irtengo dira eta, horrela, A3512 Bilbo-Lekeitio linearen erabiltzaileek aukera izango dute Markina-Xemeinen zuzeneko zerbitzu horiekin ibilgailu aldaketa egiteko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos