http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaia Bizkaialde Fundazioak milioi bat euro baino gehiagoko babesa emango die 28 kirol talderi

Fundazioak, bere klub eta enpresekin batera, urteroko bilera egin zuen asteazkenean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan

ELCORREO.COM

Bizkaia Bizkaialde Fundazioak urtero antolatzen duen ekitaldiak lurraldeko kirol arloko ordezkari ugari bildu ditu aurten ere. Fundazioko Patronatuko presidente eta Euskara eta Kulturako foru diputatu den Lorea Bilbao izan zen asteazkenean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egindako ekitaldiaren buru, eta fundazioa osatzen duten 40 enpresa, 25 klub eta 28 taldeko ordezkariak izan ziren bertan.

Lorea Bilbaok Fundazioa osatzen duten entitateak eta enpresak hartu zituen, baita Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren ekarpenak jasotzen dituzten klubetako kirolariak eta ordezkariak ere. Bilbaok hauxe azpimarratu zuen, «Bizkaiko Foru Aldundian nahiko genuke proiektu hau hazten joatea, gero eta enpresa gehiago izatea proiektu honetako partaide, eta dagozanen inplikazioa ere gero eta handiagoa izatea. Bizkaia Bizkaialde fundazioa 2000. urtean sortu zen, helburu garbi bategaz: lehia-maila gorenean sartzen eta bertan irauten laguntzea beste modu batean hori egitea oso gatx daukien klub bizkaitarrei, gorengo maila horretan lehiatzea ia ezinezkoa suertatzen jakenak. Bizkaiko kirolak behar gaitu. Talde-lanean segidu dagigula behar dau. Ezinbestekoa da enpresen inplikazinoa gero eta handiagoa izatea, horrek bermatuko dauzalako neurri handi baten kluben bizitasuna eta iraupena».

Fundazioak, 'Kirolak Bizkaian behar gaitu' lemapean, kirolak lurraldean duen indarra handitzen jarraitzen du, Bizkaiko kirol eliteko klubei laguntza emanez. Helburu hori lortzeko, Bizkaia Bizkaialdek kirolaren alde egiten duten erakunde publiko eta pribatuen ahalegin ekonomikoak errentagarri bihurtzen laguntzen du.

2017-2018 denboraldi honetan Bizkaia Bizkaialde Fundazioak milioi bat euro baino gehiagoko babesa (1.050.000 €) emango die 15 kiroletan, 20 modalitatetan goren mailan lehiatzen diren 28 kirol talderi (15 gizonezkoak, 12 emakumezkoak eta 1 mistoa). Gainera, arduradunek azpimarratzen dutenez, Fundazioak babesten dituen taldeen artean emakumezkoenak asko direla azpimarratu behar da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos