http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizitzaren metafora

Mendi-joak liburuaren azala./
Mendi-joak liburuaren azala.

Andoni Epalzak plazaratzen dituen idazlanek beti erakusten dute interesa piztu dezakeen elementuren bat

JAVIER ROJO

Aingeru Epaltza ez da liburu asko plazaratzen dituen idazlea. Berak argitaratutako liburuen zerrenda ikusita, ordea, ibilbide sendoa duela konturatuko da irakurlea. Edonola ere, plazaratzen dituen idazlanek (gutxi zein asko) beti erakusten dute interesa piztu dezakeen elementuren bat. Bere azken idazlanak ‘Mendi-joak’ du izenburua. Narrazio liburua da oraingo honetan, eta hamar istorio jaso ditu, osagai komun batek lotzen dituen hamar narrazio: mendia. Istorio hauen aurrean irakurlearen arreta erakartzen duen lehenengo osagaia idazkera bera da. Aingeru Epaltzaren eskuetan hizkuntza balio berezi batez hornitua agertzen zaigu, momentu bakoitzean behar den erregistroa, estiloa erabiltzen baitaki. Hitzak ere zehaztasun osoz hautatuta daude eta hark idatzitakoa irakurtzean hizkuntza-aberastasuna zer den nabarmen geratzen da. Edonola ere, hori ez da sekretua, Epaltza beti izan baita idazkeraren alorrean estilista fina.

Mendi-joak

Egilea: Aingeru EpaltzaArgitaletxea: Elkar Donostia, 2017272 orr. 21,00 euro (epub: 12,34 euro)

Azaleko kontu hau (azalekoa baina funtsezkoa, literaturaz ari baikara) alde batera utzita, ipuinen mamiak ere zeresan handia eskaintzen dute. Ipuin guztietan kontatzen diren istorioetan mendia agertzen zaigu osagai bateratzaile moduan. Batzuetan mendia gertakarien kokagunea da, besteetan mendia pertsonaien desioen helburua izango balitz bezala azaltzen zaigu. Askatasuna adierazten duen neurri berberean presentzia itogarri eta zapaltzailea izan daiteke, ipuin hauetan lekua, espazioa, baino gehiago baita mendia: arrago bat, non gizakiaren benetako izaera azaltzen den. Eta horixe da, nire ustez, liburu honek eskaintzen duen gauzarik interesgarriena, mendia aitzakia, idazleak giza izaeraren zirrikituetan barneratzen jakin du-eta. Harrokeriak eta bekaizkeriak, adiskidetasuna eta pertsonaren mixeriak, norberaren ezintasunak eta mugak… horrelako osagaiak jartzen dizkigu Epaltzak begien aurrean, espazioaren presentzia ekidinezina nabarmentzen den bitartean.

Azken finean, ipuin hauetan mendira igotzea ez da leku batera joatea, ez da oztopo bati aurre egitea bakarrik, bizitza beraren metafora baizik, eta bizitzan bezala, fatalismo handiz ezinbestekoak eta ezustekoak markatzen dute pertsonaien ibilbidea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos