http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizi Kirola Euskaraz Eguna ospatuko da bihar Basaurin

Ekimena sei urtetik gorakoei zuzenduta dago

ELCORREO.COM

Basauri herri bizkaitarrak Bizi Kirola Euskaraz Eguna ospatuko du bihar bertan. Ekimenaren 11. edizioa da, eta bere xedea da ikusaraztea Basaurin «kirola euskaraz egin nahi dugula, eta badugula horretarako aukera», asko direlako euskaraz diharduten klubak eta elkarteak. Herriko elkarte horietan ari diren haur eta gazteek kirola euskaraz egitea bilatzen da batez ere.

Sei urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da Bizi Kirola Euskaraz. Bihar, beraz, plan interesgarria dute Basauriko haurrek, batez ere ariketa fisikoa egitea gustuko dutenek. Gainera, euskal hizkuntza lantzeko modu dibertigarri eta originala izango da

Parte hartzen duten kirol elkarteek proben zirkuitua prestatuko dute, eta monitoreak eta entrenatzaileak egongo dira bertan. Artunduagako kiroldegian atonduko dute zirkuitua 10.00etatik 14.00etara bitartean, eta zenbait kiroletako 11 proba izango ditu. Praktikatuko diren kirolak hauexek izango dira: herri kirolak, atletismoa, esku pilota, saskibaloia, irristaketa, eskubaloia, futbola, halterofilia, karate, aikido eta igeriketa.

Irristaketa probarako, gomendagarriena nork bere patinak eramatea da -bestela, klubak ere izango ditu batzuk behar dituzten umeei uzteko-. Igeriketa probarako ere bakoitzak bere txanoa, bainujantzia eta toalla eraman beharko ditu, igeri egin nahi badu. Ekimenaren kamisetak emango dizkiete gutxienez bost proba burutzen dituztenei. Gainera Bilbondoren eskutik, sari berezia jasoko dute zirkuitu osoa egiten dutenek edo gutxienez hamar proba amaitzen dituztenek.

Fotos

Vídeos