http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bisita gidatua bizikletaz Olarizuko lorategi botanikora, irailaren 10ean

Olarizuko lorategi botanikoa. /Rafa Gutiérrez
Olarizuko lorategi botanikoa. / Rafa Gutiérrez

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) bisita gidatua antolatu du Olarizuko lorategi botanikora, bizikletaz. Irailaren 10ean (igandea) izango da, 10.30etik 12.30era, Olarizuko etxaldean bizikletak alokatzeko zerbitzua ematen duen enpresaren eskutik: Capital Bikes. “Europan zehar bidaia antzeko bat egitea da xedea, bi gurpilen gainean eta pedalei eraginez bertako basoetan barrena ibili eta kontinenteko zuhaitz-espezie garrantzitsuenak identifikatzeko”, azaldu dute IGItik.

Bisita Olarizuko etxalderik abiatuko da. Aldez aurretik izena beharra dago, capitalbikes@gmail.com helbide elektronikoan edo 635360181 telefonoan. Bisitaren prezioa 4 euro da pertsona bakoitzeko, eta bizikleta bertan alokatzeko aukera ere bada.

Hasteko, parte-hartzaileek baso eta sastrakadi mediterraneoak bisitatuko dituzte eta, besteak beste, zergatik dituen arteak hosto gogor eta distiratsuak eta artelatzek nola egiten dieten aurre suteei ulertu ahalko dute. Ondoren, iparralderantz abiatuko dira, baso epel submediterraneoetako espezieak ezagutzera, hala nola ametza eta erkametza. Zona epel eta hezeagoetan hariztiak eta pagadiak dira nagusi —guretzat ezagunak—, eta Erdialdeko Europan, baita xarma eta beste espezie batzuk ere. Ibilbidea baso borealetan bukatuko da; planetako baso azalera handiena osatzen dute, gehien bat koniferoenak, azikulei esker negu hotz eta luzeak jasan baititzakete zuhaitz horiek.

2010ean hasi zen lorategi botanikoa eratzen, eta geroztik bilduma berriak gehituz joan dira. Gaur egun, Olarizuko etxaldearen ondoan Europako basoen arboretoa dugu: 30 hektareatan kontinenteko 5 bioma handietako 523 espezie daude, tundra kenduta. 523 espezie horiek 132 bilduma botanikotan daude antolatuta, zeinek kontinenteko 25 baso-mota nagusiak ordezkatzen baitituzte, eta eskualdeetako aldagai ugari; horrenbestez, oso leku ezberdinetako espezieak aurki daitezke, hala nola Greziako kostaldea edo Eskandinaviar penintsulako iparraldea. Gainera, ordezkaritza bakoitzak naturan duen espezie osaera bera du, proportzio eta espazio banaketa berean.

2017ko ekainaz geroztik, bizikletak alokatzeko zerbitzua eskaintzen da Olarizuko etxaldean, lorategi botanikoan, Eraztun Berdean eta inguruko bide berdeetan barrena ibiltzeko aukera ematen duena, baita informazioa ere.

Fotos

Vídeos