http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BiscayAPP aplikazio mugikor onenak bilatzeko lehiaketa abiarazi du Bizkaiko Aldundiak

Edizio honetan lau kategorietako irabazleez gain, 10,000 euroko sari berezi bat ere egongo da

IZASKUN MOYANO

Bizkaiko Foru Aldundiak BiscayAPP lehiaketa jarri du martxan, aplikazio mugikor onenak bilatzeko helburuarekin. Lehiaketa lurraldearentzat estrategikoak diren lau kategoriatan antolatu da: zilar ekonomia, data intelligence, energia eta manufaktura aurreratua. Lehiaketaren bigarren edizioa da, eta, aurten, BiscayTIK, BEAZ eta Seed Capital foru erakunde publikoek ere parte hartzen dute; haietako bakoitzak bere ezagutzak, esperientziak eta baliabideak jarri ditu, lehiaketari balio handiagoa eman nahian.

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak lehiaketaren aurkezpenean adierazi duenez, lehen edizioa 2014an hasi zen prestatzen, BiscayTIK fundazioaren eskutik, eta urtez urte haziz eta aberastuz joan da jasotzen dituen laguntzei esker. Lau kategorietako bakoitzean irabazle ateratzen diren aplikazioek 2.000 euroko saria jasoko dute.

Berritasun aipagarrienetako bat sari berezia izango da, BiscayAPP saria, aurkeztu diren aplikazio guztien arteko onena sarituko duena. Irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta BEAZ, Seed Capital eta BiscayTIK erakundeen laguntza izango du proiektua Bizkaian inkubatzeko.

«Aplikaziorik onena errealitate bihurtu ahal izatea nahi dugu, eta BiscayAPP lehiaketaren bidez Aldundiaren finantzaketa jasotzen duten ideia onak hemen gure lurraldean gauzatu ahal izatea. Gure helburua da enpresa sare berritzailea sustatzea eta ekimen berritzaileak Bizkaira erakartzea, eta ekimen horiek, talentu hori, Bizkaian geratu dadin nahi dugu. Horixe da BiscayAPP lehiaketaren bigarren edizio honen espiritua», azaldu du.

Aplikazio irabazleak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: diseinua, erabilgarritasuna, erabiltzailearen esperientzia, funtzionalitateak, bideragarritasun ekonomikoa eta soziala, merkaturatzeko aukerak, antzeko produktu batzuekiko berritasun gradua, proposamenaren izaera berritzailea eta enpresa berriaren hazkunde potentziala.

Temas

Bilbao

Fotos

Vídeos