http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Biodibertsitatea katalogatzeko modu berri bat: Bioblitz

Biodibertsitatea katalogatzeko modu berri bat: Bioblitz

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du Euskadiko lehen Bioblitz-a, eta espero dute 24 orduz egiten den leku baten lagin bilketa kolektibo hau urtero errepikatzea

AMALIA IBARGUTXI

Zientzia parte-hartzailearen adibidea da Bioblitz delakoa. Laginketa bat da, hau da, talde taxonomiko baten lagin bilketa bat, baina era kolektiboan egindakoa. Helburu du leku eta egun zehatz batean dauden espezie kopuru altuena katalogatzea. Jaio, berriz, Estatu Batuetan jaio zen jarduera hau. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du pasa den larunbatean egindako Euskadiko lehen Bioblitz-a, eta urtero errepikatuko den ekima bilakatzea espero dute. Bioblitz Ornitho Euskadi jarri diote izena.

Susan Rudy estatubatuarrak jarri zion lagin bilketa mota honi izena, 1996an Washington-go Kenilworth-eko Ur-Lorategietan lehen Bioblitz saioa egin zutenean, Sam Droege eta Dan Roddy-k antolatu zutena. Mila espezie inguru katalogatu ahal izan zituzten, eta ekimenak izan zuen oihartzunaren ondorioz, hainbat herrialdek bere kabuz antolatu zituzten mota honetako jardunaldiak.

Biodibertsitatearen ezagutza da Bioblitz-ek eskaintzen duen berehalako onura, baina helburu zientifikoa betetzeaz gain, haur, gazte eta helduak zientziara hurbildu eta baliabide naturalak errespetatzen erakusteko tresna ere izan daiteke, «formakuntza, ingurumen hezkuntza eta zientziaren sustapen alorretan erabilgarri bilakatuz», antolatzaileek azpimarratu dutenez.

Aranzadirekin batera, Kutxa Ekoguneak eta Donostiako Udalak antolatu zuen hiriburuko Ametzagaña parkeko ekimena. Kakun Orbegozo, Kutxa Ekoguneko Edukien eta Proiektuen arduradunaren hitzetan «60ko hamarkadatik, hirietara zuzendutako pixkanakako exodoa eta, ondorioz, landatar eremua bertan behera uztea gertatzen ari dela ikusten ari gara. Lurraldea urbanizatzen eta asfaltoaren azpian natura bahitzen ari gara, baina aldi berean, naturatik aldentzeak pertsonentzat eta gainerako izaki bizidunentzat zoritxarreko ondorioak dituela egiaztatzen ari gara; bestalde, Aranzadi Elkarteak, urte askotako ibilbidean, ondorio negatibo horiek minimizatzeko lan neketsua egin du eta inplikazioa eta erantzukizuna erakutsi ditu. Norbaitek hori etengabe gogoraraztea behar dugu oro har gizarteak erreakziona dezan eta, berandu izan aurretik, ohiturak, bizimoduak eta arau etikoak alda ditzagun».

24 orduz parkeko hegaztien, ugaztunen, anfibioen, narrastien, tximeleten, burruntzien, kakalardoen eta onddoen espezieak bilatu zituzten parte-hartzaileek, Aranzadiko biologoekin batera. Gipuzkoako hiriburuko parkerik handiena da Ametzagañakoa. Basoak baditu, batez ere haritzez osatutakoak, eta basoa ez den gainerakoa belardiak dira. Guztira aurkitu zituzten: onddoak (35), landareak (49), armiarmak (16), koleopteroak (3), burruntziak (4), lepidopteroak (3), anfibioak (3), narrastiak (3), hegaztiak (36) eta ugaztunak (3).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos