http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bioaraba 4. azoka dela eta, asteburu honetan 80 erakusketari ekologiko bilduko dira Gasteizen

Bioaraba 4. azoka dela eta, asteburu honetan 80 erakusketari ekologiko bilduko dira Gasteizen

Gasteizen egiten den produktu ekologikoen, bizimodu osasungarriaren eta kontsumo arduratsuaren azokak programa zabala eskainiko du Iradier Arenan

I.AGOTE

Produktu ekologikoen, bizimodu osasungarriaren eta kontsumo arduratsuaren Bioaraba 4. azokan 80 enpresa espezializaturen eskaintza bilduko da azaroaren 3tik (ostirala) 5era (igandea). Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Nekazaritzako foru diputatu Eduardo Aguinacok, Vital fundazioaren zuzendari Josune Albizuk eta Bioarabako zuzendari Iker Knorrek aurkeztu dute bizimodu osasungarri eta ingurumenarekiko begirunetsuagoaren erreferentea den hitzordua.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu duenez, Bioaraba bezalako ekitaldiek “Udalak zenbait ekimenen bitartez urratutako bidea berresten dute, hala nola nekazaritzako elikagaien estrategia eta Basaldea baratzezaintza ekologikoko enpresen mintegia. Nekazaritzako elikagaien estrategia taxutzeko partaidetza-prozesuaren bitartez ikusi dugu hirian badela interesik gure inguruan ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko egokitzapen handiagoa ekarriko duen sistema bat izateko. Interes handia da, eta zabaltzen ari da. Gure erronka da alderdi hauek barne hartzen dituen nekazaritzako elikagaien sistema bat eraikitzea: hirigintza plangintza hobea (nekazaritza lurrak babestea), elikagaien kudeaketa publiko iraunkorragoa (udal baliabideetan produktu lokal eta ekologikoen kontsumoa sustatzea), elikagai osasungarriagoak eta tokiko ekoizpena gehiago kontuan hartzen duten kontsumitzeko ohiturak sustatzea, eta udalaren landa funtsak baliatzea nekazaritza ekologikoko ekimenak abian jartzeko. Gaur aurkezten dugun feria guztiz txertatuta dago hartu dugun konpromiso horretan”.

Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuren esanetan, “Vital fundazioak bat egiten du azoka honek sustatu nahi duen helburuarekin: produktu ekologikoa, elikadura osasungarria, bizimodu osasuntsua eta kontsumo arduratsua, eta ingurumenarekiko errespetua. Horretan laguntzen jarraituko dugu, lurralde osorako gure jarduera-ildoen bitartez.” “Zentzu horretan, hitzaldiak, sukaldaritza-erakustaldiak eta haurrentzako lantegiak eskainiz lagunduko du Vital fundazioak, guztiak ere Bioaraba azokaren esparruan bertan, horrek iraun bitartean”, erantsi du.

“Hiru egun hauetan, 11:00etatik 21:00etara, Iradier Arenan produktu eta zerbitzu ekologikoen eskaintza zabala aurkitu ahalko da, baita hitzaldiak, gastronomia dastatzeak, sukaldaritza erakustaldiak, lantegiak, eta haurrentzako jarduerak”, aipatu du Bioaraba antolatzen duen Mash Media enpresaren zuzendari Iker Knorrek.

Elikadura da nagusi Bioarabako erakusketarien artean, orotara 36 ordezkari baitira (upeltegiak, olioak, esnekiak, lekaleak, iberikoak, garagardoak, espezie aromatikoak, etab.). Eremu horretan EkoEuskadi espazioa nabarmentzen da, non Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (ENEEK) informazioa eta bertako produktuen ordezkaritza eskainiko baita: baratzezaintza, kontserbak, arrautzak, ogia, taloa, pentsuak, etab.

Orobat, gaikako eremuak izango dira: bioeraikuntza eta energia berriztagarriak, ehungintza, oinetakoak eta kosmetika ekologikoa, terapia naturalak… eta hainbat eskaintza biltzen dituen eremu mistoa: oheak, ur tratamenduak, garbiketa, portzelanak eta beste.

Hitzaldietan gai hauek jorratuko dira: nutrizio zelularra, Amazoniako sendabelarrak, material naturalak (lastoa) erabiltzen dituen eraikuntza, etxe bioklimatikoak, etorkizuneko berokuntza, barreterapiaren ongizatea, Waldorf pedagogia, etab.

Bioaraban, halaber, eskoletako jantokiekin zein elikadura arduratsu berriarekin lotutako sukaldaritza erakustaldiak antolatu dira. Horretaz gain, ardo eta olio ekologikoen dastatzeak izango dira, produktuen zozketak eta haurrentzako lantegiak.

Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babesten dute Bioarabaren 4. edizioa. Laguntzaile ofizial hauek ditu: Vital fundazioa, ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), eta Bio Eco Actual zein Bueno y Vegano argitalpenak.

Fotos

Vídeos