Borrar
El debate electoral de EL CORREO con los candidatos, en directo a las 11.00 horas
Jende asko, 'Reflections' ikuskizunaz gozaten. L.A. Gómez
bilboren islak

bilboren islak

Guggenheim Museoak antolatutako 'Reflections' ikuskizunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

Joseba Arruti

Viernes, 20 de octubre 2017, 00:24

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Jendearen parte hartzea edo atxikimendua ez da hutsik gabeko adierazlea, hainbatetan agerikoa denez. Gehienetan, baina, oso sakoneko beharren bat asetzeko edo ekarpenen bat jasotzeko modua besterik ez da. Norbere onerako iritzitakoarekin estu lotu eta bat egitekoa. Halakoxea da azken egunotan Guggenheim Museoak antolatutako ‘Reflections’ ikuskizuna, aurreikuspen guztiak gaindituta arrakasta borobileneko balantzeaz joandakoa. Lau jardunalditan 300.000 lagun biltzea sekulakoa da, baita hogei urtetan zehar era guztietako markak haustera ohituta dagoenarentzat ere.

Honakoan, maitasun istorio baten isla da jazotakoa. Bitxia da, nonbait, gizarte batek museo bat hain gertuko, hain kutun sentitzea. Hainbat erreferente ganorabakoko garaiotan, ez da batere ohikoa itxuraz zein mamiz artearen lehen mailako erakusgarri den zerbaitek horrelako onespen zabala jasotzea. Arinkeria da nagusi inoizko heziketa maila landueneko belaunaldiak han-hemenkako bazter profesionaletan dabiltzanean. Horregatik da hain eskertzekoa horri guztiari ere aurre egiteko Guggenheimek duen sinbolismoa eta balio zehatza.

Museo bati lotutakoa baino irudi hoberik ez dago nazioartean ezagutua izateko. Aspaldiko zuri-beltzezko Bilbo, gainbeherak bete-betean jotakoa, biziberrituta dago, inoizko sasoiko eta dinamikoen. Pertsona eta proiektu ugariri zor zaie hori, baina Guggenheimik gabe ez dago prozesu hori ulertzerik. Bere irekiera mugarri izan zen, gainerako beste askoren iturburu, segida edo gailur. Izan ere, irizpideen araberako ñabardurek ezin dute gainetiko errealitatea ukatu; nolabait mugatu eta zehaztu, besterik ez.

Hiri baten historian, behinekoa ez bada, oso noizbehinkakoa da Bilbori Guggenheimek eman diona. Museoak borobildu du eredu bihurtutako iraulketa, hil ala bizikoa, XXI. mendeari begirakoa. Sinesgaitzenek ere onartu behar izan dute. Gutxi batzuren burutazio zirudiena etorkizun-sena zen, balio erantsi handiko egitasmo sendoen bidez etorkizun hobea irudikatzekoa. Hamarkadotan hala aitortu die errealitateak. Aurreko egunotan Abandoibarra inguruan bildutakoak ez dituzte argiek txunditu. Askoz haratagokoa da Guggenheimen eta Bilbo berriaren balioa. Sakoneko harrotasunerainokoa.

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios