http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko ingenieritza eskola eta Espainiako sare elektrikoa elkartu egin dira ikerketa baterako

Helburua energia elektrikoaren garraioaren alorreko prestakuntza eta ikerketa bultzatzea da

ELCORREO.COM

Lankidetza akordio berriak ugaritu egingo ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ikerketa proiektuak eta bertako ikasleek enpresetan egin behar dituzten praktikak, oraingo honetan energia elektrikoaren alorrean. Eskolak eta Red Eléctrica de Españak (REE) euren indarrak batu dituzte, esparru hitzarmena sinatuz, bi aldeentzat mesedegarriak izango diren eta Euskadiko garapen zientifikoa eta aurrerapena sustatuko duten programak eta ekintza zehatzak bultzatzeko. Enrique Amezua Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Antonio González Urquijo REEren iparraldeko guneko lurralde ordezkariak sinatu dute hasiera batean 3 urteko iraupena duen hitzarmena.

Horrela, bi erakundeek baterako jarduketako ekimenak jarriko dituzte martxan lehentasunezko hainbat gunetan: azterlanak eta ikerketak egitea, eta ikasleen, irakasleen eta ikerlarien prestakuntza eta hobekuntza. Proiektuak hitzarmen espezifikoetan zehaztuko dira, eta aukera emango dute ikasleek Red Eléctricaren instalazioak bisita ditzaten, REEko arduradunek hitzaldiak eta prestakuntza mintegiak eskaini ditzaten Ingeniaritza Eskolan eta elektrizitatearen garraioan espezializatuta dagoen enpresak hezkuntza arloko lankidetza programak eskaini ditzan, ikasleek praktikak eta Gradu Amaierako Lanak edo Master Amaierako Lanak egin ditzaten.

Akordioari esker, ikerketa proiektuak ere egingo dira etengabeko prestakuntza jasotzen duten eskolako irakasleekin. Datorren otsailean, Eskola antolatzen ari den Ingeniaritza Elektrikoko jardunaldi batzuetan ere hartu ahal izango du parte REEk. Bertan, enpresa horretako ordezkariek nazioarteko elektrizitate konexioei buruz hitz egingo dute.

Enpresarekin harreman sendoa bultzatu nahian

Hitzarmen hori, Eskolak 2020. urtera arte aurrera daraman Plan Estrategikoaren barruan dago. Planak dituen lehentasunezko alderdietako bi Nazioarteko Harremanak eta enpresa ingurunearekin dagoen erlazioa dira. Enpresa ingurunearekin duen lotura estua da Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ezaugarri nagusietakoa. Horri dagokionez, jadanik finkatuta dauden ekimenak ditu, Enpresa Ikasgelak, 300 konpainia ingururekin aurrera daramatzan lankidetza praktikak, edo Eskolako ikasleak eurenganatzeko interesa duten enpresekin gauzatzen duen mintegi eta jardunaldi programa zabala. Horiek guztiek erraztu egiten dute enpresarekin harreman sendoa eta estua izatea. Laburbilduz, unibertsitateko eskola hau enpresa munduarekin lotzen duten zenbait ekintza, lan merkatuari eta gizarteari ahalik eta ondoen prestatuta egongo diren titulatuak eskaintzen jarraitzeko xedez.

Bilboko Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskal Sareko kide da, Euskal Administrazio Publikoak aintzatetsitako zientzia eta teknologia alorreko eragile gisa. Ikerketa aplikatua eta kontzertua egiten du ingeniaritzaren eta teknologiaren hainbat arloko enpresekin, eta, beraz, teknologia eta ezagutza transferentziarako edo I+G+B zentro gisa aritzen da, ikerketa aplikatuko eta berrikuntza teknologikoko jardueretan kokagune markatua izanik. Izaera horri esker lankidetza akordio hau sinatu du, eta aurretik Eskolak Satlantis Microsats-ekin, Tecnalia Fundazioarekin eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroarekin (BCAM), besteak beste, sinatutakoei gehitzen zaie.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos