http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko haur eskolek 670 plaza izango dituzte 2020rako

Informazioarekin zerikusirik ez duen haurreskola. / A. Gómez

Eskaintza hori 15 zentrotan banatuta egongo da

Bizkaiko hiriruburuan 0 eta 2 urte bitarteko umeen zikloko haur hezkuntzan sortuko diren plaza berrien funtzionamendua arautzeko Bilboko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak lankidetzako protokoloa sinatu zuten ostiralean. Horrela, 2020. urterako, Bilboko haur eskolek 670 plaza izango dituzte, gaur egun daudenak baino %26 gehiago, 15 zentrotan banatuta.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak sinatu dute agiria ostiral honetan Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan.

Agerraldian ziurtatu zutenez, «herritarrek azaldutako beharrizanei erantzuna emateko asmo sendoarekin», Bilboko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak hiriburuan gaur egun dagoen haur eskolen eskaintza zabalduko dute barruti guztietara heltzeko.

Horrela, bada, Bilboko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak lau betearazpen dauzkate proiektuan. Horietako bi eraikin berriak izango dira -Sanchez Marcos eta Iruarteta-, eta beste biak zabalkundeak -Zamakola eta San Inazio-.

Bilboko Udalak ikasgelak eta gainerako gelak eta aretoak eraikitzeko ardura dauka, eta hitzarmen honen bidez Haurreskolak Partzuergoari emango zaio horien kudeaketa. Lau haur eskola horiek irekitzen eta zabaltzen direnean, 139 plaza berri eskaini ahal izango dira Bilbon, eta horrela, guztira, 670 plaza izango dira.

Sanchez Marcos haur eskola berria izango da eta Abandoko barrutiari emango dio zerbitzua. Haur eskola eraikitzeko lanak bukatzen ari dira eta aurtengo irailean prest egongo da 0 eta 2 urte bitarteko umeak hartzeko. Haur eskola berria Juan M. Sanchez Marcos HLHIren ondoan dago, eta lau ikasgela eta 42 plaza edukiko ditu. 16 plaza 0 urteko umeentzako ikasgela bitan banatuko dira eta 26 plaza urtebeteko umeentzako beste ikasgela bitan. Ikasgela bakoitzak atsedenerako guneak eta haurren aldalekuak edukiko ditu, bai eta janaria prestatzeko guneak ere. Zentroan sukaldea, jantokia, jolastokia eta abarrak izango dira. Irailean jarriko da abian.

Bestalde, Zamakola haur eskolak Abusu-La Peña auzoari emango dio zerbitzua. Eraikin berria bukatzen ari dira eta eskaintzen diren plazak igoko dira. Haur eskola berria La Peña auzoko Zamakola Juan Delmas ikastetxe publikoaren ondoan dago eta 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako plazak bikoiztuko ditu. Gainera, patio berria, sukaldea eta jantokia izango ditu. 21 plaza edukitzetik 42ra igaroko da. Aurtengo irailean hasiko da auzoan zerbitzua ematen.

Halaber, San Inazio haur eskolan, 1. barrutian, eraikina zabaltzen ari dira, eta 34 plaza berri egokituko dira. Hortaz, guztira 97 plaza izango dira. Gaur egungo hiru ikasgela daude 0-1 urteko 24 ume hartzeko eta beste hiru ikasgela urtebete eta bi urte bitarteko 39 umerentzat. Urtearen amaieran eraikina handitzeko lanak bukatuko dira eta ikasgela berriak 2018ko urtarrilean izango dira erabilgarri.

Gainera, Iruarteta HLHIan eraikin berria egingo da instalazioak hobetzeko. Lan horien bidez Iruarteta haur eskola izango den espazioa prestatuko da. Ibaiondoko barrutiak 42 plaza berri izango ditu lau ikasgela berritan, horietako bi 0-1 urteko umeentzat eta beste bi urtebete eta bi urte bitarteko umeentzat. Eraikuntza lanak 2020ko udan bukatuko direla aurreikusi da.

Une honetan 13 haur eskola daude Bilboko zortzi barrutietan banatuta, eta 531 plaza eskaintzen dira: 170 plaza 0-1 urteko umeentzat dira, eta 361 urtebete eta bi urte bitartekoentzat.

Etapak modu pedagogikoan

Datorren ikasturtean Sanchez Marcos haur eskola berria eta Zamakola eta San Inazioko zabalkundeak gehituko dira. Haurreskolak Partzuergoaren barruan sartuko dira, erakunde horrek baitauka zentro horiek kudeatzeko ardura. Hortaz, 2017-2018 ikasturtean Bilbok 14 haur eskola izango ditu, eta 2020an Iruarteta gehitzen denean, 15 egongo dira.

Sinatutako hitzarmenaren bidez, Bilbon seme-alabak dauzkaten familientzat haur hezkuntzako plaza berriak sortzeko lankidetzaren ildoak zehaztu dira. Lehendik dagoen ikastetxe batean sartzea sustatuko da. Horrela, 0-2 urteko zikloa eta ondorengo zikloak eta etapak modu pedagogikoan koordinatuko dira eta jarraitutasuna eta koherentzia emango zaio ibilbideari, garapen eta ikaskuntza hoberako.

Gainera, lehendik dauden haur eskolen kudeaketaren hobekuntzan jarraitzen da. Era berean, bi erakundeen helburua da haur eskolen eskaintza hobetzea eta lehentasuna emango zaio haur eskolen sarea zabaltzeari.

Fotos

Vídeos