http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilbo mendi zinemagintzaren ardatz, Film Festivalaren 10. edizioan

Mendi zinemagintza onenaz aparte, haren inguruko glamour guztiaz gozatzeko aukera eskainiko du festibalak abenduaren 17ra arte

E.C.

Egungo mendi zinemagintzarik onenaz batera haren inguruko glamour guztiaz gozatzeko aukera aparta ekarriko du Mendi Film Festivalek Bilbora abenduaren 17ra arte. Jakina den moduan, emakumeek protagonismo handia izango dute atzo hasitako ekitaldian. Zehazki, gaurtik hilaren 11era arte, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasabanek, mahai inguruetarako gidari eta solaskide bikainak izango dituzte: Bernadette McDonald best seller idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkari prestigiotsuko editorea, Lara Izagirre zinemagilea, edota Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria.

Gizonezko alpinista parea ere distiraz arituko da jendaurrean. Izan ere, Peter Habeler izango da aurtengo 'The Walk On Project' omendua, abenduaren 16an, larunbatean, eta gainera haren inguruko saio dotorean Juanjo San Sebastianekin solasean arituko da eta bere izeneko filma aurkeztuko du Sail Ofizialean. Bestalde, Jack Tackle, bere mendi ibilbidearen errepasoa egingo du Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan hitzaldi bat eskainiz abenduaren 13an, asteazkenean, eta epaimahaikideetako bat izango da gainera.

Tackle-ekin batera Kanadako Banff mendi zinemaldiko zuzendaria Deb Smythe eta New Yorkeko natura gaien inguruko Wild zinemaldiko zuzendaria Nancy Rosenthal izango dira nazioarteko epaimahaikideak, eta kultura munduko bi euskal pertsonaia batuko zaizkie: Jesus Mari Lazkano artista eta Paul Urkijo zinemagilea.

Jatorri desberdinetako filmak

51 filmek osatuko dute 10. edizioko Sail Ofiziala, denetariko gaiak, estiloak eta jarduerak jorratu eta erakusten dituztenak. Jatorriak ere hainbat: Amerikar Estatu Batuak (9 filma), Kanada (7), Alemania (4), Erresuma Batua (4), Austria (4), Australia (3), Frantzia (3), Italia (2), Argentina (1), Bulgaria (1), Eslovakia (1), Polonia (1), Suitza (1) eta Txina (1), eta baita Erresuma Batua eta Frantzia arteko koprodukzio bat ere.

Espainiako ekoizpenak 8 dira, horietatik 4 euskaldunak: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex, eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos