http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilbo bakarra

Erosta batean dabiltza Zabalburu inguruan bizi direnetako asko./
Erosta batean dabiltza Zabalburu inguruan bizi direnetako asko.

JOSEBA ARRUTI

Gobernantzak etengabeko hobekuntzak behar ditu beti. Kudeaketa moldeak findu eta berdintasuna bermatzekoak, besteak beste. Horrek gertutasuna eskatzen du, jakina: herritarren eguneroko gorabeheren inguruko interesa. Eta norbere buruarekin zorrotz jokatzea, aurreiritziak alde batera utzita. Hainbat agintari ezaugarri horien jabe izan dira, eta demokrazia orotako karguen iragankortasunaren gainetik erreferente direnen aztarna utzi dute.

Lurraldeetan zein udalerrietan ohikoa izaten da kohesio gabezia agerikoa. Batean jaio eta bizi direnei beste askori baino aukera gehiago ematen diena. Horren aurka borrokatzen dute gobernuek zein udalbatzek, gutxienekoak unibertsalak izan daitezen, inork horrelakoengatik bere burua bazterrean senti ez dezan. Arazoon jatorria, baina, oso aspaldikoa izaten da, eta etengabe pilatzen joan diren geruzek gizendu besterik ez dituzte egiten.

Bilbo hiri distiratsua da gaur, han-hemenka laudorioak besterik jasotzen ez dituena. Abandoibarra ingurukoek txundituta uzten dituzte bisitariak, osotasuna bikaintzat jotzeraino. Eta ondo mereziak ditu gorespen guztiak, ugerretik titaniora arteko bidea apustu egokiz betetakoa izan delako, hiria zeharo itxuraldatu eta askoz bizigarriago egin duelako.

Badira, baina, argi-ilunak. Ezin bestela izan. Sortzetiko arazoak dituzten auzo zein eremuak, edo garai bateko dinamismoa eta erakargarritasuna ia erabat galdu dituztenak. Lan handia egin da horietan, gutxieneko kohesioa ahalbidetzeko. Baina kexu dira zenbait auzotar, eta jasaten dituzten egoeren kontakizun soilak salaketa ematen du, hain da erdiragarria.

Erosta batean dabiltza Zabalburu inguruan bizi direnetako asko. Bertara inguratzea baino ez dago kexuetako batzuk behintzat arrazoizkoak direla ohartzeko. Pilatzen utzitako behar baino gehiago dago han ere, agidanez. Soka luzekoak ez dira egun batetik bestera konponduko, baina epe jakineko plangintza eta konponbide zehatzak eskaintzea dagokie agintari eskudunei. Bi Bilbo sor ez daitezen, hiriaren zati ezberdinen arteko kontrastea etengabe handitu ez dadin. Edonon daudela ere, bilbotar guztiek erosotasunerako, segurtasunerako eta oparotasunerako gutxieneko baldintza beretsuak izan ditzaten.

Temas

Bilbao

Fotos

Vídeos