http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BESTEAK DIOENA

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Gutako edonork, zuk, nik, pertsona guztiok, ba omen ditugu burmuinen bazterren batean ispiluarena egiten duten neurona batzuk, berez eta askotan nahi gabe ere, besteak egiten duena imitatzera bultzatzen gaituzten zelula batzuk. Horregatik zabaltzen zaigu ahoa aldamenekoa aho-zabalka hasten denean edo ematen digu barregura hurbilekoaren barreak.

Zelula horiek, ordea, ez diete soilik keinu fisikoei eragiten. Agian ispilu ezkutu horien ugaritasunaren ondorioz, gutako batzuek besteak dioenarekin bat egiteko joera izaten dugu askotan. Entzuten ditugu guretzat berriak diren argudioak, are gureen kontrakoak badira ere, gutxienez une batez haien osotasunarekin edo izpi batekin egiten dugu bat.

Une batez, zeren arrazoiak berehala kontrajartzen baitizkie gure argudioak eta setak gurearen alde egitera bultzatzen baikaitu. Egoera horretan, ispiluak ispilu, bi jarrera kontrajarri nabarmentzen dira: besteen argudioen aurrean itsu eta gor izateko deliberamendua dutenak eta aldez aurretik pentsatzen dutena aldatzeko prest daudenak.

Itsu eta gorrarena egitea erosoa izan daiteke, baina beti pobretzen du pentsaera. Besteak dioena entzutea, benetan, ez soilik plantak eginez, aberasgarria bezain nekagarria da. Normalean, bi jokaeren nahasketa egiten dugu gehienok, baina ez dira falta, mutur batean nahiz bestean kokatzen diren pertsonak.

Uste dut hobekiago hartzen dituela gizarteak itsu eta gorrak, aldakorrak baino. Horregatik entzuten diogu hainbati, pertsona arrunt nahiz agintari, beraiek betidanik dutela uste bera, lehen zirenak direla, erabat.

Okerrago ikusiak daude pertsona aldakorrak, ispilu neuronei beraien lana egiten uzten dietenak. Bale, baina horiek dira mundua aurrerantz bultzatzen dutenak, horiek aldarazten dituzte sekula aldatu ez direla esaten dutenak ere. Hori bai, azken hauek ez dute sekula aldatu direnik aitortuko eta ez zaie irudituko jokaera horrekin bizitza alferrik galtzen ari direnik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos