http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertsolaritza, kultura-intereseko ondasun

Irudian, Amets Arzallus bertsolaria.

Bertsolaritzak Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako goreneko babes maila jasoko du kultura-intereseko ondasun izendatzen badute

EL CORREO

Nafarroako Gobernuak tramiteak hasi ditu bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatzeko, ondasun ez-material gisa, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak egindako proposamena aintzat hartuta.

Izendapen horren ondorioz, bertsolaritzak Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako goreneko babes maila jasoko du. Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez azaldu zuenez, Kultura Zuzendaritza Nagusiak abiatu ditu jada bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatzeko izapideak.

Eskaera horrekin batera, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak dokumentazio ugari aurkeztu du, eta bertsolaritzari lotutako hainbat datu bildu ditu: alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartze maila, denboran zehar izan duen bilakaera, transmisio moduak eta bizirik irauteko gainditu behar izan dituen oztopoak.

Alfredo Asiain Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoak egindako txostenarekin osatu dute espedientea. Asiainek, etnolinguista aditua izaki, bertsolaritza aztertzeko eta Nafarroako kultura-ondare immaterial deklaratzeko elementu interesgarriak adierazi ditu.

Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa, eta hura babesteko neurriek saihestu beharko dute adierazpide honen fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos