http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertsolaritza, Arrigorriagako DBHko ikasleentzako

Ekimen honetan 133 ikaslek parte hartuko dute eta ikastalde bakoitzak bost saiotan landuko du bertsolaritza, eskola orduetan eta ikasgelan bertan

ELCORREO.COM

Eskola giroa euskalduntzeko asmoz institutuko DBHko 1 mailako ikasle guztiek bertsolaritza ikastaro bat jasoko dute aurten, Arrigorriagako Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatuta. Horrenbestez, orotara 133 ikaslek parte hartuko dute. Ikastalde bakoitzak bost saiotan landuko du bertsolaritza, eskola orduetan eta ikasgelan bertan.

Bertsolaritzaren bidez gazteen euskararen ahozko adierazpena, erabilera, bizitasuna eta kalitatea handitzea da programa honen helburu nagusia. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kide den Arkaitz Zipitria bertsolariak emango ikastaroa. Besteak beste honako jarduerak egingo dituzte: bat-bateko bertsoaldiak entzun, bertso jarriak abestu, gai desberdinen inguruan hausnartu, idatzi, euskara landu, euskaraz bizi eta lagunekin ondo pasa. Horrekin batera, hizkuntzaren beraren hainbat atal ere landuko dituzte ikasleek, hala nola lexikoa, sintaxia, metrika, erritmoa, argudioa…

Jarduera honen bidez, beste helburu asko lortu ahal izango dituzte ikasleek: eguneroko ahozko egoera komunikatiboetan erosotasunez aritzea; poliki-poliki hizketarako trebezia, grazia, eta bizitasuna eskuratzea, eta bertsoak eskaintzen duen hizkuntzaren arlo ludikoa ezagutu eta sormena garatzea.

Astero gai desberdin bat izango dute ardatz (Azaroak 25, Beldur barik, teknologia berriak, San Tomas, Euskararen Eguna, kontsumismoa, bizikidetza, Inauteriak, Martxoak 8). Ikasturtean zehar egindako lanak ikastetxean nahiz ikastetxetik kanpo erakutsiko dituzte ikasleek abestuz nahiz institutuko hormetan jarriz.

Eguerdiak bertsotan

Eguerdiak Bertsotan izeneko programaren bidez, bazkalorduko atsedenaldian bertsolaritza-eskoletara joateko aukera izango dute DBHko ikasle guztiek. Horrela, alde batetik, euskarari lotutako jarduera-eskaintza zabaldu egingo da atsedenaldietan eta, bestetik, bertsolaritzaren munduan lehenengo pausoak ematen dituztenek euren ibilbideari jarraipena eman ahal izango diote. Nahi duenak parte har dezake. Dagoeneko hainbat talde daude martxan, besteak beste, euskara lantzeko, euskal kultura jorratzeko, publikoaren aurrean erosotasunez aritzeko eta sormena eta gogoeta lantzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos