http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertsolari Txapelketa Nagusia aldi berean euskararen zazpi lurraldeetan ospatuko da

Bertsolaritza txapelketa bat./Borja Agudo
Bertsolaritza txapelketa bat. / Borja Agudo

Ikuskizunarekin gozatzeko sarrerak salgai daude dagoeneko

S. CANTERA

Bertsolari Txapelketa Nagusiak Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga irailaren 23tik abenduaren 17ra bitartean. Hala, lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan.

«Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia», azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak aste honetan Bilbon egindako agerraldian. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak gaineratu du «errealitate baten isla» dela, «bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan».

Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa. Bertan parte hartu dute, Castaños eta Muruarekin batera, lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak -Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa- elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren.

Rekondok gogorarazi zuenez, «bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtean behin egiten den ekimen isolatu bat; urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guzietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da». Hala, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko abian den egitasmoa, bertso eskolak, ikerkuntza proiektuak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zein bertsolaritzaren hedapenerako bideak mahai gaineratu ditu Rekondok.

Txapelketaren inguruko xehetasunei dagokienez, Castañosek azaldu du Unai Iturriagak ez duela izena eman eta finalista denez ez duela ordezkorik izango. Era berean, Iñaki Gurrutxagak ere uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez.

Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak. Finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko 17.00etan hasiko dira, finala izan ezik. Halere, saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira «herria bera bertsolaritzaz girotzeko», besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.

Sarrerak

Ikuskizunarekin gozatzeko sarrerak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko. Bestalde, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua.

Fotos

Vídeos