http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertsoen oihartzuna

Maialen Lujanbio, Txapela irabazi ostean./Arizmendi
Maialen Lujanbio, Txapela irabazi ostean. / Arizmendi
JOSEBA ARRUTI

Sekulakoa izan da domekan BECen bizitakoa. Hamalau milatik gora lagun, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azkenekoaz gozatzeko. Giro paregabea, emozioa zenbatnahi, lehiakideetako bakoitzarenak dastatzeko gogoa. Eta gazte asko, hangoaren etorkizun oparoaren seinale. Euskarazkoei dagokienean, agerraldi jendetsu eta belaunaldien artekoenetakoa, itxaropenik ez galtzeko mugarri antzekoa. Badelako hizkuntzari lotutako grinarik, oinarri sozial zabalik, saretzeko gogorik, ageriko izateko indarrik. Segida falta zaie honelakoei, bai. Egunerokoan eragitekoa, euskararen erabileran islatzekoa, baina bizi-bizi dagoenak izango du goizago ala beranduago horra heltzeko urratsak egiterik.

Maialen Lujanbiok bertsolari aparta dela erakutsi du, beste behin. Zaleak liluratu ditu, paparretik goxo helduta eraman baititu bere bertsoetara, bere errima neurtuetara. Gutxi batzuren ahalmena da hori, hitz batuketa soil ematen duena beste maila batera eramatekoa, aldi berean norbanako bakoitza hunkitu eta guztien arteko halako lotura emozionala ehuntzekoa.

Bertsolaritzak onerako hainbat jauzi egin ditu aspaldion. Inoizko ajerik ez dago jada, hamaikatxo gazte urbanok gorpuzten baitute bere egunerokoa. Euskarazko hainbat kultur adierazpide bigarren mailakotzat-eta hartuak izan dira euren buruak jasoago eta jantziagotzat zituzten erdal elebakar askoren aldetik. Ezagutzen ez dena funtsik gabe sailkatzea ezjakintasun biluzienaren adibide da, aurreiritzi doilorrenen menpe jardutea. Euskal kultura oso puntakoa delako, mundura begirakoa, mestizoa, modernoa eta kalitatezkoa.

Hainbat hedabidetan egunotan irabazitako protagonismoa euskaradun asko hiztun ere izan daitezen baliatzerik badago, eta elebakartasunaren erosotasunean eusten diotenen jakinmina pizteko. Hor badagoelako komunitate dinamiko bat, potentzialtasun handikoa. Batzen denean aurreko igandekoa bezalakoetarako gai dena, ohiko hainbat muga gainditu eta ia benetako gizarte elebidun bat irudikatzerainokoa. Durangoko Azoka edo Bertsolari Txapelketa ezin dira noizean behineko ur tantak izan. Posible delako edonoren mailan jartzerik, indartsu eragiterik. Euskaratik baino ez dira espazio berriak irabaziko. Ez euskarari buruzkoetatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos