http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bermeoko udaletxeko obrak urrian bueltatuko dira

Lanen bigarren fasean eraikinaren egituraren birgaitzea egingo da eta estalkia itxiko da

Bermeoko udaletxea birgaitzeko lanen bigarren faseko obrak urrian hasiko dira. 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetuta geratu zen Bizkaiko jerriko udaletxea. Lanen bigarren fasean eraikinaren egituraren birgaitzea egingo da eta estalkia itxiko da. Horrela, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Horrez gain, eraikinaren solairuak eraikiko dira eta teilatu berria egingo da.

Horrela jakinarazi zuten aurreko astean Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Irune Ormaetxea Hirigintza zinegotziak eta Goio Allika udal arkitektoak. Bidegurenek azaldu zuenez, 2013ko sutearen ondorioz kaltetutako udaletxearen egoeraren azterketa teknikoa egin ondoren, argi gelditu zen eraikinak birgaitze beharra zuela. Horrela, proiektua egin eta lanak hasi ziren. Lehenengo faseak 261.902,36 euroko kostua izan zuen eta lanak 2015eko bukaeran amaitu ziren.

Bigarren fasearen helburu nagusiak dira egitura berriarekin eraikina sendotzea, estalki berria eraiki eta dorrea berreskuratzea, fatxada konpontzea eta eraikina guztiz ixtea. Lan horiekin guztiekin segurtasuna bermatuko da eta baldintzak ezarriko dira falta den azken esku hartzea egiteko. Bigarren faseko lanak urrian hastea eta 2018ko udan bukatzea aurreikusi da. Esleipena prozedura irekiaren bidez egin da eta Teusa enpresari esleitu zaio, 395.803,69 eurotan.

«Kontuan hartu behar da udaletxea berreraikitzeko lanen kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa dela», adierazi du alkateak. Lehenengo faserako Bizkaiko Foru Aldundiak udalen ustekabekoen aurrekontu sailetik 59.000 euro onartu zituen, eta bigarren fasean foru erakundearen Kultura Sailaren 150.000 euro erabiliko dira.

Eraikina birgaitzeko lanen azken fasean, banaketa, instalazioak, igogailua eta akaberak egingo lirateke. Horrez gain, kontziopea eta Goiko plaza malda berdinean egotea aurreikusi da, bi espazioek bat eginez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos