http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bermeok Euskararen Eguna ospatuko du

Hitzaldiak, ibilaldiak, dantzak eta kirol ekintza ezberdinez gozatzeko abagunea izango dute herritarrek datorren asteburuan

IZASKUN MOYANO

Abenduaren 3a egun berezia da euskaldunontzat, Euskararen Eguna ospatzen baita. Hainbat urtetako borrokaren ostean gure hizkuntza erabiltzeko abagunea daukagu egun. Beraz, denboran aurrera joanda euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat bizirauteko gai izatea ospatzeko moduko ekintza dela uste dugu. Hori dela eta herri, ikastola, elkarte eta txokoetan gure hizkuntzari ohore egiten dien ekintzak burutzen dira.

Bermeon ez dira gutxiago izango. Gazteek datorren asteburuan egitarau zabal batean parte hartzeko gonbidapena luzatu die gainontzeko herritarrei. Horrenbeste izan dira antolatu dituzten ekintzak, ez diren Euskararen Nazioarteko Egunean bertan soilik ospatuko. Izan ere, ekimenen bat edo beste dagoeneko burutu dituzte, baina beste hainbat geratzen dira egiteke.

Datorren ostiralean bertan, Jagoba Errekondok, agronomo eta paisajista, hitzaldia eskainiko du Arrantzaleen Museoan arratsaldeko 19.00tik aurrera. Hurrengo egunean, arraunen txokoa egongo da goizeko 11.00tik 15.00ra Lamera Parkean. Lau ergometro eta gabarra bat jarriko dira nahi duenak arraun egiteko. Horrez gain, traineru baten zati bakoitza euskaraz zelan esaten den azalduko da.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna, goizeko 9.00tan 'Euskaraz bizi nahi dut' ekitaldiaren txanda izango da. Hasteko, Portaletik aterata ibilaldi bat egingo dute Bermeoko inguruak ezagutzeko: Mikel Deuna, Ander Deuna, Artika eta Almika auzoak. Ondoren, Lameran, 11.00tik aurrera umeek jokoekin gozatzeko aukera izango dute. Horrez gain, bertsolariak, irrintzilariak eta euskal musika entzungo dira. Gainera, dantzatzea eta abestea maite dutenek 'Miñen puntiegaz' euskararen aldeko abesti arrakastatsuaren koreografia eta letra ikasteko aukera izango dute.

Egun berean, Euskararen eguneko adierazpena irakurriko da eta parte hartzaile guztien argazkia egingo da. Baina udalerri guztia euskararekin bat eginda dagoela erakusteko Udalak 'Euskaraz bizi nahi dut' banderola balkoietan jartzeko deia egin du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos