http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bermeo eta Bakio arteko Bizkaibus zerbitzua larunbat eta jaiegunetan ez kentzeko eskatu dute

Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez A-3524 linea Bermeo eta Bakioren artean garraio publikoak eskaintzen duen «lotura bakarra da»

ELCORREO.COM

Bermeo eta Bakio herrialdeak lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua «larunbatetan eta jaiegunetan ez kentzeko» eskatu zion pasadan astean Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.

Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, uda sasoia amaituta, foru erakundeak kostaldeko bi herriak lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua murriztu eta larunbat eta jaiegunetako bidaia guztiak bertan behera utzi ditu.

Ibarrolazak esandakoaren arabera, Bizkaibusen A-3524 linea Bermeo eta Bakioren artean garraio publikoak eskaintzen duen lotura bakarra da, eta «larunbat eta jaiegunetan zerbitzu hori ez egoteak herritarrei hainbat oztopo ekarri die zalantzarik gabe».

Hortaz aparte, Bizkaibus linea horrek Bermeo eta Arane-Gibelortzaga auzoa lotzen dituela ere adierazi zuen. Gauzak horrela, bere esanetan, «linea hau asteburuetan eta jaiegunetan kenduz, auzo horretako bizilagunak garraio publikoko zerbitzu eraginkor bat gabe uzten ditu».

Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion Bermeo eta Bakio lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua asteburu eta jaiegunetan eskaintzen jarraitzea.

«Espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko ezinbestekoa delako autobusen maiztasunak herritarren beharrizanetara egokitzea», azaldu zuen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos